}

Entzumenaren parte bat berreskuratzeko terapia garatu dute

2013/01/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

entzumenaren-parte-bat-berreskuratzeko-terapia-gar
Goian, ile-zelula osasuntsuak; behean ezkerrean, kaltetutako koklearen irudia, eta, eskuinean, tratatutakoarena. Arg. Massachussettseko Begia eta Belarria zentroa

Massachussettseko Begia eta Belarria zentroko ikertzaileek zaratak gortutako saguek entzumenaren parte bat berreskuratzea lortu dute, kokleako iletxoak birsortzeko gaitasuna eman dien terapia baten bidez. Hegazti eta arrainetan ez bezala, ugaztunen barne-belarriko iletxoak ez dira berez birsortzen kaltetuz gero, eta, ondorioz, galdutako entzumena berreskuratzea askoz ere nekezagoa da.

Massachussettseko ikertzaileek garatutako terapiaren bidez, kaltetutako iletxoen inguruko beste zelulak bereiztu, eta ile-zelula berri bilakatzen dira. Neuron aldizkarian berri eman dutenez, gamma-sekretasa entzimaren inhibitzaile batekin tratatutako barne-belarriko zelula amak ile-zelula bihurtzen zirela ikusi zuten ikertzaileek lehenengo; ondoren, molekula hori bera saguen barne-belarrian txertatu zuten. Entzimak Notch proteinaren seinalea inhibitzen du iletxoen inguruko zeluletan, eta, seinalearen inhibizioak eragiten du zelula horiek ile-zelula bihurtzea. Ikertzaileek egindako neurketetan frogatu dute korrelazioa dagoela entzumena hobetzearen eta ile-zelula berriak sortu ziren eskualdeen artean. Ugaztun helduetan barne-belarriko iletxoak birsortzea lortzen den lehen aldia da hau, eta ikertzaileek uste dute gorreriarentzat terapiak sortzeko aukera on bat dutela aurrean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia