}

Enpresak kudeatzeko sare neuronalak

1999/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

COTEC Fundazioak Sare Neuronalei buruzko txostena argitaratu du duela gutxi, Aukera Teknologikoen bildumaren barruan. Sare Neuronalak konputazio-teknika berriak dira, gizakiaren nerbio-sistemak duen funtzionamendua errepikatzen saiatzen direnak. Konputazio Bitarraren eredu arruntak edozein eginkizun eragiketa bitar sinpleetan banatzen du, eta kalkuluak pausoz pauso egiten dira. Baina problema batzuetan honela jokatzeak arazoak eragin ditzake, batez ere gizakiek eta animaliek oso erraz egiten dituzten eginkizunetan. Adibidez, argazkiaren bidez pertsona identifikatzea, edo eskuz idatzitako testua irakurtzea. Arazo hauek garuneko nerbio-sistemaren ereduari jarraitzera bultzatu ditu zientzialariak, eta Sare Neuronaletan oinarritutako sistemak gero eta ugariagoak dira.

Espainian egindako azterketaren arabera, sare neuronalak gero eta aplikazio praktiko gehiago dituzte. Madrilera ura garraiatzen duen Isabel II.a Kanalak adibidez, sentsoreen bidez ur-kantitatea neurtu eta banaketa planifikatzen du. Repsol-ek polimero baten kalitatea hobetzeko sare neuronaletan oinarritutako sistema erabili du. El Corte Ingles enpresak langileak aukeratzeko sisteman erabili ditu sare neuronalak: galdeketa baten bidez pertsonari buruzko informazioa bildu, eta lanpostu berria sortzen denean automatikoki pertsona egokiena aukeratzen du sistema informatikoak. Horrelako sistemak gero eta ugariago dira eta aplikazio ugaritan erabiltzen hasi dira dagoenekoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia