}

Energia geotermikoa

1999/06/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Energia geotermikoa "lurraren barneko beroaz baliatuta lortzen den energia" da. Lurpeko tenperatura baxu edota ertaina (20 ºC-tik 150 ºC-ra bitartekoa) zuzenean eraikinak berotzeko erabil daiteke; tenperatura altua (150 ºC-tik gorakoa), ordea, energia elektrikoa eskuratzeko erabiltzen da.
K. Nuñez-Betelu

Lurrak bere barnean bero-erreserba ikaragarria du: lurrazalaren lehen 10 kilometrotan metatutako potentzial geotermikoa munduko ikatz-erreserbena baino 2.000 bider handiagoa da. Tenperatura, batez beste, 25 °C handiagotzen da lurrazalean barneratzen garen kilometro bakoitzeko. Zenbait gune sismiko edo bolkanikotan, bestalde, tenperatura handiak daude azaletik oso gertu, eta toki horietan energia-iturri hau erabiltzea oso erraza da.

Beste hainbat energia-iturri bezala, energia geotermikoa ere aspaldidanik ustiatu izan da. Duela 3.500 urte etruskoek ur termalak erabiltzen zituzten azaleko gaixotasunak tratatzeko, erlaxaziorako, eraikinak berotzeko, gai kimiko erabilgarriak eskuratzeko (borax-a kasu) eta landare-hazkuntzarako. Baina ustiakuntza termalak alde batera utziz, XIX. mendean hasi zen geotermia industrialki ustiatzen, Italiako Lardarello-n, elektrizitatea ekoizteko. 1904an jarri zuten martxan eta 1940ko hamarkadan 132 MW-eko potentzia zuen. Bigarren Mundu Gerran instalazio osoa suntsitu bazuten ere, berriz eraiki eta gaur egun 500.000 biztanletik gora hornitzeko adina energia elektriko ekoizten du, hots 400 MW inguruko potentzia du.

Nola ustiatzen da energia geotermikoa?

Aipatu dugunez, energia termikoa iturri termalak ustiatuz erabil daiteke bainuetxe eta abarren bidez. Baina energia alternatibo gisa elektrizitatea sortzeko aukera dagoenean edo berogailuetarako erabil daitekeenean hartzen da kontuan.

1. irudia.

Elektrizitatea sortzeko lurpean ur-lurruna edo ur beroa behar da. Lurpetik ateratzen dena ur-lurruna denean, lurrun hori zuzenean turbinetara bideratzen da elektrizitatea sortzeko. Metodorik sinpleena da, baina ez oso ugaria, horrelako iturburuak gutxi baitaude. Hodietan zehar ateratzen dena ur beroa denean, ordea, lehenengo ur likidoa eta ur lurruna bereizi egin behar dira eta, ondoren, ur-lurruna elektrizitatea sortzeko erabiliko da. Dena den, uraren tenperatura desberdinen arabera turbinei eragingo dion lurruna zenbait eratara eskuratzen da. Tenperatura altuko energia termikoa dagoen tokietan, hots, uraren tenperatura 150-200 ºC-tik gorakoa denetan, ura tanga edo deposituetara isurtzen da (ikus 1. irudia) eta prozesu horretan sortutako lurruna erabiltzen da elektrizitatea sortuko duten turbinei eragiteko. Prozesuan sortzen den ura berriz ere lurpera injektatzen da. Mota honetako zentralak Italian (Larderello-n), Zeelanda Berrian, Japonian, Filipinetan, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Mexikon daude.

Uraren tenperatura 70 eta 150-200 ºC bitartekoa denean, Tenperatura ertaineko energia termikoa esaten zaio. Kasu horietan ur beroa, bero-trukagailu baten bidez (ikus 2. irudia) hegazkorragoa den beste likido bat lurruntzeko erabiltzen da eta lurrun hori izango da turbinetara bideratutakoa. Kasu honetan ere, lurretik erauzitako ura berriz ere lurpera itzultzen da.

Baina energia elektrikoa sortzeko erabiltzeaz gain, energia geotermikoak badu bestelako erabilerarik ere; zuzeneko erabilera esaten zaiona, hain zuzen ere. Tenperatura baxuko edo oso baxuko energia termikoa (20 eta 50-60 ºC bitartekoa, eta 50-60 eta 70-80 ºC bitartekoa hurrenez hurren) eta tenperatura ertaineko energia termikoa eraikinak, negutegiak, arrain-haztegiak, egurra lehortzeko instalazioak, etab. berotzeko erabiltzen dira (bainu termaletako instalazioetan erabiltzeaz gain, noski). Energia geotermikoa zuzenean erabilita lortzen den bestelako erregaien aurrezpena uraren tenperaturaren, distantziaren eta instalazio-motaren araberakoa den arren, % 80rainokoa izan daiteke. Gainera, harrigarria badirudi ere, energia geotermikoa udaran eraikinak girotzeko ere erabil daiteke.

2. irudia.

Izan ere, lurpeko tenperatura oso konstantea izaten da eta udan bero handia egiten duen tokietan lurpetik hodieria pasarazita zirkulatzen duen ura freskatu eta eraikina girotzeko erabiltzen da, batez ere AEBtan.

Dena den, energia eskuratzeko sistema horiek badituzte hainbat muga eta oztopo: batetik, 3.000 m-ko sakoneraino baizik ez dago zulatzerik ustiategia ekonomikoki bideragarria izan dadin. Bestetik, elektrizitatea ekoizten duten instalazioek edo beroa zuzenean erabiltzen dutenek iturritik gertu egon beharra daukate, bidean beroa galdu egiten baita.

Gaur egun energia geotermikoa lortzea garestia da eta lurrazalaren egitura horretarako egokia den herrialdeetan, Islandian adibidez, ez da ustiatzen, baina teknikak aurreratu ahala energia-mota honek aukera gehiago eskaintzen ditu. Ingurugiroari dagokionez, energia-iturri honek ez du aparteko arazorik sortzen.

Hainbat Estatutan instalatuta dagoen
Energia elektriko-geotermikoa

MW·urte-tan

Estatua Urtea

1990

1995

1998

AEB

2774.6

2816.7


2850


Argentina*

0,67

0,67

0


Australia

0

0,17

0,4


Costa Rica

0

55

120


El Salvador

95

105

105


Errusia

11

11

11


Filipinak

891

1191

1848

4.2 4.2 4.2

4,2

4,2

4,2

Grezia*

0

0

0

Guatemala

0

0

5

Indonesia

144,75

309,75

589,5

Islandia

44,6

49,4

140

Italia

545

631,7

768,5

Japonia

214,6

413,7

530

Kenya

45

45

45

Mexiko

700

753

743

Nikaragua

70

70

70


Portugal (Azoreak)

3

5

11

Thailandia

0,3

0,3

0,3

Txina

19,2

28,78

32

Turkia

20,4

20,4

20,4


Zeelanda Berria

283,2

286

345

Totala

5866,72

6796,98

8240

Europan (Hungaria, Bulgaria, Eslovakia, Errumania, Polonia eta Jugoslavia ohian)
80 ºC ingurura dagoen ura erabiltzen dute, nagusiki igerileku, berotegi eta bainu-etxeetan. Hungarian berotegien % 80ak ur beroa erabiltzen du. Frantzian (Parisen eta Akitanian) 45-80 ºC dituen ura erabiltzen dute 200.000 etxebizitzatik gora
berotzeko.Belgika, Alemania, Danimarka, Herbehere eta Erresuma Batuan ere Frantziakoaren antzeko sistemak ari dira probatzen. Islandian energia geotermikoa bigarren energia-iturria zen 1997ko urrian. Orduan 49,4 MW·urte ekoizten zituen. Gaur egun, ordea, 140 MW·urte. Etxeen % 85a energia geotermikoaz berotzen dituzte eta bainu-etxeetan, berotegietan, arrain-haztegietan, lurra berotzeko eta industrian ere erabiltzen dute ur beroa. 145.000 biztanle dituen hiriburuan (Reykjavik-en) etxe guztiek dute lurpetik eskuratutako ur beroa, eta ur hotza baino merkeago.
Azken herrialde honetan energia geotermikoa erabiltzeko baldintza eta aukera
bereziak dituztela esan beharrik ez dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia