Enbor tropikalen arima
2006/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Moztu ezazu zuhaitz baten enborra zeharka, eta ikusiko duzu eraztun-itxurako marrazkiak dituela. Zuhaitza bizi izan den urte bakoitzeko bat. Beraz, eraztun-kopuruak zuhaitzaren adinaren informazioa ematen du. Eta ez hori bakarrik; eraztun zabalek adierazten dute urte oparoa izan zela, zuhaitza haztearen ikuspuntutik, eta eraztun estuek, berriz, urte urria izan zela. Azken batean, eguraldiaren bilakaeraren informazioa ere ematen du enborrak.
Baina tropikoetako zuhaitzetan ez da halako informaziorik izaten. Zuhaitz gutxik dituzte eraztunak enborrean ikusgai. Horregatik, zuhaitzaren adina --eta eguraldiaren bilakaera-- beste nolabait irakurri behar da enbor horietan, erradioisotopoen analisiaren bitartez, adibidez. Metodo mantsoak eta kostu handikoak dira horiek, ordea, eta beste metodo batzuk garatzen saiatu dira zientzialariak.
Princeton Unibertsitateko ikertzaile batzuek, Estatu Batuetan, lortu dute. Haien ikerketaren arabera, zuhaitz tropikal batzuek ez dituzte falta eraztunak. Badituzte eraztunak, baina ikusezinak dira; are gehiago, X izpien bitartez ikusgai bihurtzen dira eraztun horietan dagoen kaltzioarengatik.
Enborretako kaltzioari X izpien bitartez begiratuta, oso bizkor ikus daitezke enborraren informazioa, zuhaitzaren adina zein eguraldiaren bilakaera. Erradioisotopoen bitartez lau hilabeteko lana dena arratsalde bakarrean egin daiteke X izpiak erabiliz.