}

Emakumeen eta gizonen garunen artean diferentziak daudela baieztatu dute

2014/02/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

emakumeen-eta-gizonen-garunen-artean-diferentziak-
Garunean, sexuaren araberako diferentziak daudela frogatu dute. Irudian, emakumezkoetan bolumen handiagoa duten eremuak gorriz, gizonezkoetan bolumen handiagoa dutenak, urdinez. Arg. Neuroscience and Biobehavioral Reviews

Azken hogei urteotan garunari buruz egindako ikerketak aztertuta, Cambridge Unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dute emakumezkoen garunen egiturak eta gizonezkoenak ez direla berdinak; hau da, aldeak daudela batzuen eta besteen artean, batez ere, sistema linbikoan eta hizkuntzarekin lotutako egituretan.

Neuroscience and Biobehavioral Reviews aldizkarian argitaratu dute azterketa. Haren arabera, 1990tik 2013ra argitaratutako artikulu-zientifikoak aztertu dituzte zehazki. Hasiera batean 5.600 artikulu topatu bazituzten ere, asko baztertu egin behar izan dituzte, adibidez, ez zituztelako datuak sexuaren arabera bereizten. Azkenean 126 artikulu hartu dituzte kontuan, eta, haiei esker, milaka garunen datu esanguratsuak bildu dituzte.

Datu horiek alderatuta, ikertzaileek ikusi dute alde nabarmenak daudela gizonezkoen eta emakumezkoen garunen egitura jakin batzuen bolumenetan. Alde horiek bereziki handiak dira sistema linbikoan eta hizkuntzarekin lotutako eremuetan. Hain zuzen ere, ikerketa askok jarri izan dute agerian sistema linbikoa garatuagoa dagoela gizonezkoetan emakumezkoetan baino, eta alderantzizkoa gertatzen dela hizkuntzarekin lotutako egiturekin. Hortaz, ez da harritzekoa azterketa bateratuak emaitza hori baieztatzea.

Ikertzaileek garrantzia eman diote horri, eta adierazi dute aurrerantzean ezingo dutela diferentziarik ez balego bezala jokatui, “batez ere, gizonezkoetan edo emakumezkoetan ohikoagoak diren gaixotasun psikikoak ikertzean”.

Hain justu, hainbat gaitz psikikoetan dagoen aldea, emakumezkoen eta gizonezkoen garunen artean dagoen diferentziekin erlazionatuta egon daitekeela uste dute ikertzaileek. Autismoa, eskizofrenia eta depresioa eta antsietatea aipatu dituzte. Izan ere, sexuaren arabera berezituak agertzen diren sistema linbikoaren area batzuek erlazionatuta daude gaitz horiekin, eta gaitzek ez dute prebalentzia berdina batzuetan eta besteetan: autismoa goizago eta maizago agertzen da mutiletan nesketan baino, eta antzekoa gertatzen da geroxeago eskizofreniarekin; aldiz, depresioa eta antsietatea nesketan agertzen da maizago, nerabezaroan.Ikertzaileek onartu dutenez, arlo horretan ez dute nahi adina sakontzerik izan. Adibidez, ezin izan dute ikusi nola doazen azaltzen diferentziak mutilen eta nesken garunetan, adinean aurrera egin ahala, ikertutako garun gehienak 18 eta 45 urte bitarteko helduenak baitziren. Horregatik, datozen urteetan beste adin-tarteak ere ikertu beharko direla adierazi dute, berezki bizitzaren lehen urteak.

Bestelako muga batzuk ere aitortu dituzte; esaterako, ikerketetan agertzen diren datuak gehienetan garunen bolumenari buruzkoak dira, eta ez zituzten aintzat hartu pertsonen pisua eta garaiera.

Horrez gain, ikertzaileek azpimarratu dute beharrezkoa dela garunaren egituran eragina duten faktoreen ondorioak banan-banan ikertzea, hasi ingurune- eta gizarte-faktoeetatik biologikoetara, hala nola jaio aurretiko hormona esteroideen eragina edo sexu-kromosomena.



Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia