}

Emakumeak, anemia faltziformearen ondorioetatik babestuago

2003/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Anemia faltziformearen ondorioak gizonezkoetan emakumeetan baino larriagoak izatearen gakoa odoleko oxido nitrikoan dago, Journal of the American Heart Association aldizkariaren arabera.

Anemia faltziformea herentziazko gaixotasun bat da, eta gaixoak igitai-itxurako globulu gorriak dituela da ezaugarri nabarmenena. Desitxuratutako globulu gorri horiek odol-hodiak buxatzen dituzte batzuetan, eta horrek krisi mingarriak eragiten ditu, batez ere gizonezkoetan. Emakumeek, berriz, nolabaiteko babesa dute: krisi gutxiago izaten dituzte eta bizi-itxaropena gizonezkoena baino luzeagoa da. Orain, zientzialariek sexuen arteko alde hori zerri zor zaion jakin dute.

Nonbait, oxido nitrikoak odol-hodiak zabaltzen ditu; beraz, buxatzeko arriskua asko gutxitzen da. Eta anemia faltziformea duten emakumeek gaixotasun bera duten gizonezkoek baino bi aldiz oxido nitriko gehiago dute odolean. Azken arrazoia, ordea, estrogenoetan dago. Izan ere, estrogenoek oxido nitrikoaren ekoizpena sustatzen dute, eta hormona hori ugariagoa da emakumeetan gizonezkoetan baino. Horregatik, gaitzaren ondorioak ez dira gizonezkoetan bezain larriak emakumezkoetan, estrogenoek babesten dituztelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia