}

Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

2024/12/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen arabera, inkestatuen % 83,12k iritzi ona edo oso ona du hedabideetan duten parte-hartzeari buruz, nahiz eta erdiak baino gehiagok onartu duen erasoren bat jasan duela komunikabideetan zientziari buruz aritu ondoren. Nabarmena da emakumeek gizonek baino eraso gehiago jasotzen dituztela: erasoak jasandakoen % 56,86 emakumeak dira. Diziplinen artean, ingurumen- eta osasun-zientzietakoak dira erasotuenak, baita gizarte-zientzietakoak ere (COVID-19, txertoak, klima, baldintzatzaile sozialak…), eta X sare soziala da erasoen iturri ohikoena.

emakume-zientzialariek-gizonek-baino-esperientzia
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” txostenaren azala. Arg. FECYT

Oro har, zientzialariek komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean, bereziki eskertzen dute beren mezua helarazteko aukera izatea, baita beren ikerketei ikusgarritasun eta hedapen handiagoa ematea ere. Alderdi txarrak ere aipatzen dituzte, ordea. Batez ere, beldur dira mezua desitxuratuko ote duten, edo gaizki ulertuko ote den.

Erasoei dagokienez, zientzialariaren sexuaren arabera, diferentzia dago, ez bakarrik kopuruan, baita eraso-motan ere. Emakumeek eraso gehiago jasotzeaz gain, gehienak haien gaitasun profesionalari buruzkoak dira. Gizonek, berriz, irainak jasotzen dituzte, eta, gaitasuna baino gehiago, zintzotasun profesionala da ukatzen zaiena. Aurrekoekin alderatuta, ehunekoetan gutxiago badira ere, emakumeek gizonek baino eraso gehiago jasaten dituzte jatorria, etnia, erlijioa edo sinesmena direla, baita itxura fisikoagatik, sexua edo generoagatik ere. Azkenik, guztira gutxiengoa diren arren, mehatxu fisikoak edo sexualak eta heriotza-mehatxuak ere ohikoagoak dira biktima emakumea bada, gizona bada baino.

Erasotzeko erabilitako bideari erreparatuta, X sare soziala (lehen Twitter) da nagusia (% 59,86). Hala ere, hedabide digitaletan egindako iruzkinak (% 21,13), eta zientzialariak berak, publikoan (% 11,97) edo pribatuan (% 7,39), jasotako erasoak ere esanguratsuak dira. 

Erasoak jasotako zientzialarien laurdenari, gutxi gorabehera, esperientzia txarrak ez dio ezertan eragin, baina beste laurden batek ziurtasun-gabezia edo antsietatea sentitu du. % 16,55 sareak uztera edo komunikabideetan agertzeari uko egitera iritsi da.

Zientzialariek prebentzio-neurri batzuk ere proposatu dituzte, hala nola instituzioek edo erakundeek beren lana bultzatzea eta aitortzea, erakundeek zientziaren komunikazioari buruzko formazioa eskaintzea ikertzaileei, eta babes-mekanismoak ezartzea. Halaber, komunikabideei ere arduraz jokatzea eskatu diete.

Inkestaren egileek iradoki dutenez, inkesta zabalago bat egitea komeniko litzateke, ondorio sendoagoak ateratzeko. Hain zuzen, txostenak SMCrekin harremanetan jarri diren adituen erantzunak biltzen ditu, 2022ko martxotik 2022ko uztailera bitartean. Inkesta jaso zutenen % 17k erantzun zuen; guztira, 237 pertsonak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia