Elikagaiak, hantura eta gaixotasun kardiobaskularrak

Dietari eta osasunari buruzko ebidentzia zientifikoa apurka-apurka ari da ezagutzen. Osasun-zientzietan gaixotasun askoren kausa askotarikoek eta arrisku-faktoreen edo faktore prebentiboen eragin-mota desberdinek ondorio argiak lortzea zailtzen dute. Elikaduraren arloan are konplexuagoa da ikerketa, gizakiak orojaleak garelako eta gure dieta ez delako berdina beti, adinarekin eta urtaroaren zehar aldatzen baita. Maiz, urte asko itxaron behar izaten dugu esposizioaren informazioa biltzen denetik gaixotasuna agertu arte.

Informazio sendoagoa jasotzeko asmoarekin, dibulgazio-lan hau ikerketen errebisioetan eta meta-analisietan oinarritzen da. Lan-mota horietan, ezarritako parametroekin eta gutxieneko kalitate-irizpideekin (aldizkari indexatuetan argitaratuak) argitaratutako artikulu guztiak aztertzen dira. Horrela, koherentziarik gabeko informazio puntuala (denborarekin alda daitekeena) murrizten da.

Aurreko artikulu batean (Aurrekoetxea, 2021), gantz-kontsumoak gaixotasun kardiobaskularretan duen eragina aztertzen nuen, aurreko usteak gainditu nahian; medikuek berek eta, jatorrian, gaixotasun kardiobaskularren eta elikagaien arteko loturaren ikertzaile ospetsuenek sustatutakoak. Artikulu honek, elikagaien eraginari —hanturaren (inflamazioaren) aldekoa edo aurkakoari— eta guzti horrek gaixotasun kardiobaskularretan duen eraginari buruzko ebidentzia zientifikoa hurbildu nahi dio irakurleari.

Gaixotasun kardiobaskularrak

Gaixotasun kardiobaskularrek bihotzari eta odol-hodiei eragiten dieten arazo talde heterogeneo bat osatzen dute. Horien artean, aterosklerosia (arterioesklerosia) da garrantzitsuena. Gaixotasun horien ezaugarriak dira hantura, estres oxidatiboa, zelulen ugaritzea, hipertrofia eta bihotzaren edo odol-hodien birmoldaketa anormala. Aterosklerosiak ondorio larriak ditu: gaixotasun koronarioa, kardiopatia iskemikoa, miokardio-infartua, gutxiegitasun kardiakoa, istripu zerebrobaskularra, bihotzeko erasoa, gaixotasun arterial periferikoa eta hipertentsioa, batez ere. Egungo estatistikek adierazten dutenez, mundu osoan 500 milioi pertsona baino gehiagori eragiten diete gaixotasun kardiobaskularrek; 2021ean 20,5 milioi pertsona hil ziren gaixotasun kardiobaskularrekin, hau da, munduko heriotza-tasa osoaren ia herena (Jiang, 2025).

Hantura

Hantura sistema immunitarioak ehunetan eragindako kalteei ematen dien erantzuna da, infekzio, lesio edo narritaduragatik. Gorputzaren erreakzio naturala da, bere burua babesteko eta kaltea konpontzeko. Hanturak adierazten du organismoak zer erantzun immunitario ematen dien hantura-eragileei edo lesio zelularrari. Maila baxuko hantura kronikoa adinarekin lotutako gaixotasunen agerpenarekin eta azelerazioarekin lotzen da, bai eta transmititu ezin diren hainbat gaixotasunen arrisku handiagoarekin ere. Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasun ez-kutsakorrak identifikatu ditu osasunerako eta iraunkortasunerako mehatxu nagusi bezala. Hanturarekin lotutako gaixotasun kronikoen mundu mailako intzidentzia— hala nola gaixotasun kardiobaskularrak, 2. motako diabetes mellitusa eta minbizi espezifiko batzuk— areagotu egingo da datozen hiru hamarkadetan. 2030erako hilkortasun goiztiarra % 30 murrizteko asmoz gaixotasun ez-kutsakorren prebentzioaren eta tratamenduaren bidez, areagotu egin da dietaren eta gaixotasunen arteko harremanaren inguruko interesa (Reineke, 2025).

Hantura eta gaixotasun kardiobaskularrak

Ikerketek adierazi dutenez, zenbait hantura-proteina gaixotasun kardiobaskularren arriskuarekin lotuta egon daitezke. Arg: Swiftsciencewriting/Pixabay


Hantura kronikoak aterosklerosiaren patogenesian eragiten du, endotelio baskularraren kaltearen, estres oxidatiboaren eta tronbosiaren bidez. Ehunen kalte kronikoak zitokina hanturaren aldekoak askatzea eragiten du. Horrek, ondorioz, etengabeko hantura sistemikoa eragiten du, eta eragin nabarmena izan dezake gaixotasun kardiobaskularren garapenean. Ikerketek adierazi dutenez, zenbait hantura-proteina gaixotasun kardiobaskularren arriskuarekin lotuta egon daitezke. Ildo horretan, Estatu Batuetako CDCak (Centers for Disease Control and Prevention) eta Bihotzaren Amerikako Elkarteko espezialisten partzuergo batek adierazi du ezen sentsibilitate handiko C proteina erreaktiboa (PCR-sh) dela analisi kliniko fidagarriena gaixotasun kardiobaskularren arriskua ebaluatzeko eta pronostikoa finkatzeko (Jiang, 2025).

Dieta

Dietak gaixotasun kronikoen arriskuari eragin diezaioke hainbat ekintza-mekanismoren bidez (adibidez, hesteetako mikrobiomaren modulazioa, estres oxidatiboa eta oreka energetikoa). Ekintza-mekanismo horietarako, garrantzitsuak dira patroi dietetikoen eta horien banakako osagaien hanturaren aurkako propietate posibleak. Patroi dietetiko osasungarriak hanturaren aldeko markatzaileen murrizketarekin lotzen dira. Adibidez, dieta mediterraneoa —fruta, barazki, arrain urdin, hegazti, oliba-olio birjina estra eta zereal integral ugari dituena— PCR hantura-markatzaile sistemikoen murrizketarekin lotzen da. Esku-hartze ikerketek kausalitate-harremana adierazten dute: dieta mediterraneoaren eragina ikertu zuen meta-analisi batek PCRaren eta interleuzina-6aren (zitokina) murrizketa esanguratsuak erakutsi zituen, baita adiponektinaren (hanturaren kontrako eragina duen hormona) gehikuntza ere. Gainera, nutriente askoko elikagaietan dauden konposatu batzuek —adibidez, omega-3 gantz-azidoek, zuntzak eta polifenolek­­— hanturaren aurkako propietateak dituztela erakutsi dute. Alabaina, mendebaldeko dieta deiturikoa —batez ere AEBko dieta (fruta eta barazkien kontsumo txikia eta elikagai ultraprozesatuen kontsumo handia, kaloria-eduki handia)— hantura-markatzaileen maila handiagoekin lotzen da (Marx, 2021). Zoritxarrez, eredu dietetiko hori Europako dieta tradizionala ordezkatzen ari da, pixkanaka.

Indize dietetikoak

Dietetika-patroien hantura-potentziala Hantura-Indize Dietetikoaren (HID) bidez ebalua daiteke. Dietak gorputzeko hanturan duen eragina kuantifikatzen du tresna horrek, osagai dietetiko hanturaren aldekoen eta aurkakoen arteko balantzearen bidez. Dietari buruzko indize ugari sortu dira. Reineke eta lag-ek (2025) horiei buruz egindako berrikuspenean, elikadura-indizeen eta inflamazio kronikoko biomarkatzaileen arteko lotura jorratu zuten, eta indize dietetikoaren eta hanturazko biomarkatzaile anitzen arteko lotura edo hanturazko biomarkatzaileen arteko aztertu. Eta hantura ebaluatzeko gehien erabili den biomarkatzailea PCR edo PCR-sh izan da.

Aztertutako indize dietetikoek fruta eta barazkiak sistematikoki onuragarritzat sailkatu zituzten, puntuazio altuagoak lortuta halakoak gehiago janda, salbuespen batzuekin, hala nola tomateak eta patatak, horien sailkapena nabarmendu gabe geratu baitzen. Indizeen erdiek baino gehiagok lekaleak osagai dietetiko onuragarri gisa sailkatu zituzten. Ia indize guztietan zerealak agertzen ziren —zereal integralak berezi— osagai dietetiko onuragarri gisa, eta positiboki baloratuta agertzen ziren kontsumo handiagoarekin.

Oro har, arraina/itsaskia onuragarritzat jo zen, gehiago jateak kalifikazio hobea baitzuen; bestalde, haragi gorri edo prozesatu gehiago hartzea kaltegarritzat jo zen sistematikoki. Indize gehienek esnekiak elikagai-multzotzat hartu zituzten, baina osagai horren sailkapena ez zen alde edo kontra kokatu. Gantz gutxiko esnekiak oso onuragarritzat jo baziren ere, esneki osoak edo zehaztu gabeak sailkatzerakoan erdi bidean geratu ziren. Oliba-olioa eta landare-olioak sendo nabarmendu ziren, kalifikazio hobea izan baitzuten. Animalia-gantzek, ordea, oro har, aurkako kalifikazioak jaso zituzten. Gantz aseak, azukre erantsiak eta edari azukredunak kaltegarritzat edo hanturaren aldekotzat jo ziren. Alkoholaren kontsumoa ere gehiago jo zen kaltegarritzat osasungarritzat baino.

Salami
Gozoak

Haragi gorri eta prozesatuak, animalia-gantzak, alkohola, zereal finduak eta azukre erantsiak hanturaren biomarkatzaileen handitzearekin lotzen dira, eta kalte egiten diote osasunari. Arg: Couleur/Pixabay , Matthias Böckel/Pixabay (hurrenez hurren).


Laburbilduz, berrikuspen horrek erakusten zuen landare-elikagaietan, gantz gutxiko eta proteinadun elikagaietan eta gantz asegabeetan oinarritzen diren patroi dietetikoak hantura txikiagoarekin eta gaixotasun kardiobaskularren, erikortasun- eta hilkortasun-arrisku txikiagoarekin lotzen dira. Bestalde, haragi gorri eta prozesatuetan aberatsak diren dietak, gantzetan aberatsak diren esnekiak, zereal finduak, azukre erantsiak eta animalia-koipeak hanturaren aldeko biomarkatzaileen handitzearekin lotzen dira, eta kalte egiten diote osasunari. Gainera, haragi gorri eta prozesatuetan, gantzetan aberatsak diren esnekietan, zereal finduetan, azukre erantsietan eta animalia-koipeetan aberatsak diren dietak hanturaren aldeko biomarkatzaileak handitzearekin lotzen dira, eta, beraz, osasun-kaltearekin (Reineke eta lag., 2025).

Eredu dietetikoak

Hanturaren aurkako hainbat eredu dietetiko ikertu dira, hala nola dieta mediterraneoa, nordikoa, DASH (Dietary Approaches to Stop Hypertension), zetogenikoa edo beganoa. Dieta mediterraneoak oliba-olio birjina estra, arrain urdina eta polifenol ugariko landare-elikagaiak (frutak, barazkiak eta zereal integralak) asko kontsumitzea adierazten du. DASH dietak sodio-murrizketa nabarmentzen du (< 2.300 mg/egun) potasioan aberatsak diren elikagaiekin (frutak, barazkiak, zereal integralak, fruitu lehorrak eta haziak) eta koipe gutxiko esnekiekin konbinatuta. Dieta nordikoa jatorri lokaleko osagaietan oinarritzen da, baiak, barazki kruziferoak eta koltza-olioa barne. Dieta beganoa lekaleen eta liho-hazien proteinetan oinarritzen da, omega-3/6 proportzioak optimizatzeko. Dieta zetogenikoak beste paradigma metaboliko baten arabera lan egiten du, eta karbohidratoen murrizketa zorrotzean eta koipe-kantitate handiko kontsumoan oinarritzen da (kalorien % 70-80).

Meta-analisi batek (Jiang, 2025) honako termino hauek gehitu zituen bere bilaketa-estrategian: alde batetik, hantura-indize dietetikoa, hanturaren aurkako dieta, puntuazio dietetikoa, dieta mediterraneoa, DASH dieta, dieta beganoa, dieta nordikoa, dieta zetogenikoa, dieta begetarianoa edo landareetan oinarritutako dieta, eta bestetik, gaixotasun koronarioa, kardiopatia iskemikoa, miokardio-infartua, istripu zerebrobaskularra, bihotzeko erasoa eta hipertentsioa.

Ikerketaren esku-hartzea hanturaren aurkako eredu dietetiko bat izan zen, dieta mediterraneoa, DASH, nordikoa, zetogenikoa edo begetarianoa barne har zitzakeena. Aldi berean, esku-hartzea ikuspegi dietetikoan zentratu zitekeen, elikagaien konbinazio bat nabarmenduz, zeinak nutrizio-profil orekatu bat baitu ezaugarri. Profil horretan, hanturaren aurkako elikagaiak gehiago kontsumitzen ziren, hala nola fruta eta barazki freskoak, zereal integralak, lekaleak, arraina, fruitu lehorrak eta espezia naturalak. Kontuan hartzen zen orobat azukre, gatz eta koipe askoko elikagai hanturaren kontsumo moderatua. Kontrol-taldeak, aldiz, hanturaren aldeko ezaugarriak zituen dieta orojaleari jarraitu zion.

Meta-analisi horrek aztertu zuen ea zer ondorio dituen hanturaren aurkako dietak triglizeridoetan, HDL kolesterolean eta LDL kolesterolean eta kolesterol orokorrean. Ez zen korrelazio esanguratsurik identifikatu hanturaren aurkako dieta egiten duen taldearen eta HDL kolesterol-mailen artean. Hanturaren aurkako dieten taldeak nabarmen murriztu zuen LDL kolesterola. Gainera, kolesterol orokorraren mailak ere nabarmen txikiagoak izan ziren hanturaren aurkako dieten taldean. Hanturaren aurkako esku-hartze dietetikoak, gainera, nabarmen murriztu zuen PCR-sh, kontrol-taldearekin alderatuta (Jiang, 2025).

Arraina barazkiekin

Landare-elikagaietan, gantz gutxiko eta proteinadun elikagaietan eta gantz asegabeetan oinarritzen diren patroi dietetikoak hantura txikiagoarekin eta gaixotasun kardiobaskularren arrisku txikiagoarekin lotzen dira. Arg: Eatde/Pixabay


Berrikuspen sistematiko batek (Marx, 2021) behaketa-azterketen meta-analisien emaitzak bildu eta sintetizatu zituen. Azterlan horiek HIDaren eta eskuragarri dagoen edozein osasun-baldintzaren arteko lotura aztertu zuten. 45 elikadura-parametrotan oinarritzen den HIDa jorratu zuen, literaturan hanturaren edo hanturaren aurkako propietateekin identifikatutako elikagaietan (adib., omega-3 gantz-azidoak), konposatuetan (adibidez, flabonoideak) eta elikagaietan (adibidez, baratxuria, jengibrea). HIDa 29 azterlanetan baliozkotu zen, hainbat hantura-markatzailerekin, hala nola PCR, interleuzina-6 eta alfa tumore-nekrosiaren faktorea (TNF-α, ingelesezko siglan, hanturaren aldeko beste zitokina). Emaitzetan, hauek ziren hanturarekin lotuta agertzen ziren gaixotasunak (handiagotik txikiagora, baina modu esanguratsuan): miokardioko infartua, minbizia (orokorrean hartuta), eta espezifiko batzuk (ondestea, pankrea, ahoa, arnas aparatua), eta mota guztietako hilkortasuna.

Marxek (2021) dioen bezala, konposatu bioaktibo asko izan daitezke bere berrikuspeneko dietaren eta osasun-emaitzen arteko asoziazioen arduradunak. HIDari gehitzen zaizkion eta hanturaren aurkako propietateak dituztela frogatu den osagai dietetikoen adibideen artean, fitokimikoak sartzen dira, hala nola polifenolak, omega-3 gantz-azidoak eta zuntz dietetikoa. Dietako polifenolak gehiago irenstea hanturaren aldeko markatzaileen murrizketarekin lotu da, dituen propietate antioxidatzaileei esker. Omega-3 gantz-azido askok ere hanturaren aurkako potentziala dutela ikusi da. Osagai dietetikoen efektuak, hanturaren aurkakoak zein aldekoak, hesteetako mikrobiomaren bitartez eragiten duela dirudi. Alabaina, mendebaldeko elikadura-patroian ohikoak diren osagai dietetikoek, hala nola gantz-azido trans eta aseek, hantura areagotu dezakete (Marx, 2021).

Laburbilduz, gero eta nabariagoa da munduko lehen heriotza-kausa diren gaixotasun kardiobaskularrak (edo aterosklerosia) organismoko ehunetan gertatzen diren hanturek eragiten dituztela. Hanturak organismoaren gaixotasun kroniko asko sor ditzake, aterosklerosiaz gain, hala nola, II motako diabetesa, minbizia eta beste gaixotasun batzuk (digestiboak, erreumatologikoak, eta abar).

Dieta aterosklerosiarekin eta beste gaixotasun batzuekin lotu izan da, hala nola minbiziarekin. Bi gaixotasun-multzo horiek konkordantzia handia erakusten dute onuragarriak zein kaltegarriak diren elikagaiekin. Estres oxidatiboa, erradikal askeen gehiegizko ekoizpenak eta horiek neutralizatzeko ezintasuna duen gure gorputzak hantura-motako erantzuna eragin dezake. Era berean, hanturak erradikal aske gehiago sor ditzake, eta arazoa areagotu horrela. Egungo dieta gero eta aberatsagoa da karbohidrato oso finduetan. Horiek glukosaren gailur altuak eragiten dituzte odolean eta, ondorioz, intsulinaren kontzentrazio altuak eta, hala, hantura eta estres oxidatiboa aktibatzen dituzte ehunetan.

Oraindik asko geratzen da ikertzeko aterosklerosiaren kausa-zuhaitz osoari buruz. Gaixotasun horrekin lotutako arrisku-faktore asko daude (genetika edo herentzia, hipertentsioa, diabetesa, tabakismoa, obesitatea, sedentarismoa, kutsadura atmosferikoa eta dieta, garrantzitsuenak aipatzearren), eta oraindik ez da horietako bakoitzaren jarduera-mekanismoa ebatzi.

Mikrobiomak itxaropen handia sortu du azkenaldian, gaixotasun kroniko askotan izan lezakeen zeregina dela eta. Ezaguna zen Imidazoleko propionatoaren (ImP) eta mikrobiotaren mendeko beste metabolito batzuen eta GKBen eta beste gaixotasun batzuen arteko lotura. Argitalpen berri batek (Mastrangelo, 2025) arazoaren ikuspegi berri bat eman du, egiaztatu baitu, batetik, ImP-a saguetako aterosklerosiaren progresioarekin eta langile osasuntsuen kohorte batengan aterosklerosi subkliniko aktiboarekin lotzen zela, eta, bestetik, aterosklerosia irudi-tresna aurreratuen bidez detektatzen zela. Gainera, egiaztatu zen ImP-ak aterosklerosia eragiten zuela, odol-kolesterolaren kontzentrazioari eragin gabe. Horrek indartu egiten du lipoproteinek (kolesterolak) gaixotasun kardiobaskularren kate kausalean izan lezaketen rol sekundarioari buruzko ustea, hantura litzakeelarik protagonista nagusia. Kolesterola, hanturaren inguruko ikuspegi berri horretatik, arterien aurkako erasoaren ondorioa izan liteke eta, beraz, eraso arterialaren zeharkako adierazlea litzateke, ez kausala, hantura izango bailitzateke eragin kausal nagusia.

Bibliografia

Aurrekoetxea J, Kaltegarria al da gantz-kontsumoa osasun kardiobaskularrerako? Elhuyar 2021/10/11. https://aldizkaria.elhuyar.eus/gai-librean/kaltegarria-al-da-gantz-kontsumoa-osasun-kardiobas/

Jiang R eta lagunak. Impact of anti-inflammatory diets on cardiovascular disease risk factors: a systematic review and meta-analysis. Front Nutr. 2025 Mar 20;12:1549831.

Marx W eta lagunak. The Dietary Inflammatory Index and Human Health: An Umbrella Review of Meta-Analyses of Observational Studies. Adv Nutr. 2021 Oct 1;12(5):1681-1690.

Mastrangelo A eta lagunak. Imidazole propionate is a driver and therapeutic target in atherosclerosis. Nature. 2025 Jul 16.

Reyneke GL eta lagunak. Food-based indexes and their association with dietary inflammation. Adv Nutr. 2025 Apr;16(4):100400.

Ricker MA, Haas WC. Anti-Inflammatory Diet in Clinical Practice: A Review. Nutr Clin Pract. 2017 Jun;32(3):318-325.

Schwingshackl L, Hoffmann G. Mediterranean dietary pattern, inflammation and endothelial function: a systematic review and meta-analysis of intervention trials. Nutr Metab Cardiovasc Dis 2014;24(9):929–39.

Wu X eta lagunak. Association between atherosclerosis risk and dietary inflammatory index: A systematic review and meta-analysis. Clin Nutr ESPEN. 2025 Apr 29;68:127-133.

Juanjo Aurrekoetxea Agirre

Medikuntzan lizentziatua eta doktorea

Arg: Antonina Vlasova / Shutterstock.com

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali