Elikagai ultraprozesatuak, ugalkortasunarekin eta enbrioiaren garapenarekin erlazionatuta

Ikerketan aztertutako enbrioietako bat, 11 astekoa, baginan zeharreko ultrasoinuen bidez. Arg. Generation R study group


Elikagai ultraprozesatuen kontsumoa gizonen ugalkortasunaren jaitsierarekin, garapen enbrionario desegokiarekin eta bitelo-zaku txikiagoarekin erlazionatu dute ikerketa batean. Lehenengo aldiz aztertu dute janari horien eragina, gurasoen ugalkortasunetik hasi eta enbrioaren garapenera bitarteko epea osoan. Human Reproduction aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian.

Herbeheretan egin dute ikerketa, eta parte hartu zuten emakumeen ultraprozesatuen kontsumoa % 22koa zen. eta gizonena, % 25ekoa. Enbrioiaren neurria eta bitelo-zakuaren bolumena ultrasoinuen bidez neurtu zuten, haurdunaldiaren 7, 9 eta 11 asteetan.

«azpimarratu dute gizonek osasuna zaintzea, ugalkortasunari dagokionez, emakumeek zaintzea bezain garrantzitsua dela»

Ikertzaileek ondorioztatu dute guraso izan nahi duten pertsonei mesede egingo liekeela ultraprozesatuen kontsumoa jaistea. Horrekin batera, azpimarratu dute gizonek osasuna zaintzea, ugalkortasunari dagokionez, emakumeek zaintzea bezain garrantzitsua dela. Izan ere, ohikoa izan da emakumeen gain jartzea ardura guztia. Bukatzeko, ohartarazi dute ikerketaren emaitzak mugatuak direla, ez baitute erlazio kausala ikertu.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali