}

Elikagai transgenikoak: Eztabaida mahai gainean

1999/12/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Transgenikoei buruzko gero eta gauza gehiago irakurri, entzun, eta ikusten dira komunikabideetan. Normala, elikagai transgenikoen industria hazten eta hedatzen ari baita. Hala ere, horrelako produktuen ekoizleak ez daude gustura egoteko moduan, transgenikoak hazten ari diren heinean, elikagai transgenikoek osasunean izan dezaketen eraginari buruzko eztabaida ere hazi egin baita. Oraingoz, elikagai transgenikoek Europan eragin dute zalapartarik handiena; Estatu Batuetan, aldiz, badirudi gizarteak dagoeneko onartu dituela. Hala ere, gauzak ez daude hain argi.

Gehiegi jateak, grasa duten elikagaiak hartzeak, alkohola edateak, eta oro har, elikatze-ohitura eskasa izateak bihotzerrea sortu ohi du. Beren ustiaketetan bioteknologiaz baliatzen diren nekazaritza-industrietako jabeek ere azkenaldian izango zuten bihotzerrea; ez, ordea, jaten ari direnarengatik, baizik eta elikagai transgenikoen inguruan sortu den eztabaida-giroarengatik.

Europan aspaldi samarrekoa da elikagai transgenikoei buruzko eztabaida. Estatu Batuetan, orain arte, ez da horrelakorik gertatu, baina itxasoa zeharkatu duen birusa balitz bezala, elikagai transgenikoen eztabaida Estatu Batuetara ere iritsi da dagoeneko. Duela gutxi, Michiganeko Battle Creek hirian, Greenpeace erakundeko kide-talde batek protesta-ekintza egin zuten Kellogg enpresaren egoitzan. Jakina denez, Kellogg enpresak zerealak saltzen ditu, genetikoki eraldatutako hazietatik ateratako zerealak hain zuzen ere. Handik egun batzuetara, Greenpeace erakundeko beste kide batek Kellogg enpresaren lana ezbaian jartzen zuen ekintza ikusgarria egin zuen. Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Elkarteak elikagai transgenikoei buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Jardunaldi haietan ezusteko gonbidatua agertu zen, Kellog etxeko tigre sonatua, Tony, baina Frankenstein-en jantziekin; FrankenTony beraz, prentsa britainiarrak Frankenstein-en elikagaiak deitzen baitie transgenikoei. FrankenTony ez zen bakarrik agertu, berarekin batera tximeletaz jantzitako haur-talde bat ere bazegoen eta. Haur-tximeleta taldeak artoa jan eta heriotza antzeztu zuen. Ekintza horren bidez Cornell Unibertsitateko ikerlari-talde batek duela gutxi egin duen aurkikuntzari oihartzuna eman nahi zioten, genetikoki eraldatutako artoak monarca espezieko beldarrak hil ditzakeela adierazi baitute ikerlariek.

Horren guztiaren ondorioz, Estatu Batuetan dagoeneko somatzen dira aldaketa-zeinuak. Zurrumurruen arabera, herrialde hartako Nekazaritza Idazkaria, Dan Glikman, aditu-taldea osatzekotan dago bioteknologiaren gaiak aztertzeko. Era berean, 20 legebiltzarkidez osatutako talde batek duela gutxi elikagai transgenikoen etiketa berezia eta bereizia arautzeko lege-proiektu berria aurkeztu du. Politikarien artean elikagai transgenikoekiko pizten hasi den kezka-giroa ez da oraindik Estatu Batuetako herritarrengana iritsi. Egia esan, aldaketarako aukera handirik ere ez dute. Pentsa, Estatu Batuetan kontsumitzen den soiaren erdia, artoaren herena, eta pataten zati handi bat genetikoki eraldatutako landareetatik ateratzen dute. Zerrenda horretan, denbora gutxi barru, letxuGa, brokolia, aza, marrubiak, okaranak, eta sagarrak ere sartu ahal izango dira.

Herritarren arreta lortu ez badute ere, naturaren aldeko taldeek lanean jarraitzen dute. Adibidez, Greenpeacek presio handia egin dio umeendako elikagaiak egiten dituen Gerber enpresari. Izan ere, enpresa horrek bere produktuetan genetikoki eraldatutako soia eta artoa erabiltzen ditu. Greenpeacek ere garrantzia handia izan zuen Monsanto enpresak terminator haziei buruzko ikerketak alde batera uzteko erabakian. Greenpeace ez ezik beste alderdi batzuetatik ere gaiari buruzko zalantzak entzuten dira. Estatu Batuetako Ingurugiro Zaintzarako Foroaren arduradunetariko batek, Rebecca Goldberg-ek honela zioen: "Niri, biologoa naizenez, zaila egiten zait elikagaien eraldaketa genetikoaren aurka egotea, baina, aldi berean, uste dut kontuan hartu beharrekoak direla osasunarentzat eta ekologiarentzat izan dezaketen arriskuak".

Eztabaida gehienbat osasun-arazoetan kokatu da. Oraindik, inor ez da gai izan erakusteko genetikoki eraldatutako elikagaiak osasunarentzat txarrak direnik. Arratoiekin, hala ere, egin da saioren bat edo beste, eta Britainia Handiko ikerlari batek ziurtatu du genetikoki eraldatutako patatek bere laborategiko xaguen errainak izorratu dituztela. Kontrakoa dioenik ere bada, zientzialari-talde bat azkenaldian elikagai transgenikoen onurak aipatzen aritu baita. Horien arabera, genetikoki eraldatutako elikagaiak osasunarentzat onak dira, elikagai gehiago dutenez eta hondakin gutxiago sortzen denez, poluzio kimikoa murrizten delako. Gehiago ere badiote, naturala izateak beti ez duela esan nahi ona denik, eta adibideak ere jartzen dituzte, janari batzuk ondo prestatzen ez badira toxikoak izan daitezkeela.

Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Elkarteak orain arte genetikoki eraldatutako 40 landare onartu ditu giza kontsumorako, baina datozen urteotan gehiago ere onartuko dira. Europan zerrenda askoz ere txikiagoa da, baina handituko da. Beraz, elikagai transgenikoekiko mesfidantza dutenek elikagai horientzat etiketa bereizi eta bereziaren aldeko lana bultzatzen ari dira. Beharbada gizarte-taldeen presio horrek izango du eragina, baina momentuz ez dirudi transgenikoen multinazionalek amore emango dutenik. Konponbidea, hala ere, beste aldetik etor daiteke, elikagai tradizionalekin lan egiten dutenen aldetik. Izan ere, arazoa etiketa bada, "Genetikoki eraldatu gabeko produktua" marka jartzeak ere badu bere indarra eta xarma.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia