}

ELHUYAR Fundazioa, Alphagalileoko partaide

2003/03/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Cancio Orueta, Leire - Elhuyarreko zuzendari nagusiaElhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

2003ko otsailaren bukaeratik, ELHUYAR Fundazioa Alphagalileo proiektuko partaide bihurtu da.

www.alphagalileo.org Europako ikerketaren berri ematen duen web gunea da. Alphagalileoren helburua Europan egiten den ikerketari garrantzi handiagoa eman eta ikerketa horien emaitzak plazaratzeko bideak eskaintzea da; izan ere, ezagutarazten diren ikerketarik gehienak Estatu Batuetakoak dira. Proiektua Ingalaterrako British Association elkarteak gidatzen badu ere, gaur egun Europako herrialde askotako partaideak ari dira ordezkari lanetan, hala nola: Finlandiako Suomen Akatemia, Frantziako L Association francaise pour l avancement des sciences, Alemaniako Forschungszentrum J lich ikerketa-zentroa, Greziako National Hellenic Research Foundation, Portugalgo Observatorio das Ci ncias e das Tecnologias, Suediako Vetenskapsradet ikerketa-kontseilua, Ingalaterrako Council for the Central Laboratory of the Research Councils, The Arts and Humanities Research Board, British Academy eta, azkenik, European Science Foundation.

Alphagalileo Europan egiten den ikerketaren erakusleihoa da. Bertan, ikertzaileek beren ikerketak argitaratzeko aukera dute eta kazetariek, berriz, ikerketa horien berri jaso dezakete. Gaur egun, hain zuzen ere, 3.771 kazetari eta 4.723 berri-emaile daude, horien artean ELHUYAR Fundazioa. Bestalde, web gunean, gutxi gorabehera, 10.000 berri, 1.300 ekitaldi eta 350 liburu daude kontsultagai.

ELHUYAR Fundazioa Alphagalileoko partaide bihurtzean, Euskal Herriaren ordezkari bihurtuko da. Gure betebeharren artean, bertoko ikerketaren berriak biltzea, zerbitzuaren berri ematea eta www.alphagalileo.org web gunea euskarara eta gaztelaniara itzultzea egongo dira. Gainera, Alphagalileoko zuzendaritza-taldeko partaide izango denez, proiektuari dagozkion erabakietan parte hartuko du ELHUYAR Fundazioak. Bestalde, epe laburrera, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatearekin Espainiako ordezkaritza osatzeko hitzarmena sinatzeko asmoa dago.

Basque Research-en oihartzuna Alphagalileon

ELHUYAR Fundazioak, 2002ko ekainean, www.basqueresearch.com Euskal Herriko ikerketaren topagune izan nahi duen web gunea jarri zuen martxan. Hain zuzen ere, Basque Research atariaren eskutik bideratu dira Alphagalileora euskal ikerketaren berriak (izan ere, horixe da Basque Research-en helburuetariko bat). Horietako hainbat berri www.alphagalileo.org atarian argitaratu dira eta, bertatik, Europako komunikabideen artean oihartzun nabaria lortu dute. Hala nola, 2002ko abenduan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko berri bat, esnea hozteko eguzkiaren energia erabiltzen duen sistema baten ikerketarena, laugarrena izan zen abenduko Alphagalileoko estatistiketan. 2003ko urtarrileko zerrendan, berriz, Inasmeten begi barneko lentillei buruzko ikerketaren berria bigarrena izan da, 198 bisitarirekin.

Otsailetik aurrera, beraz, ELHUYAR Fundazioa Alphagalileo proiektuan berri-emaile izatetik partaide erabakigarri izatera pasatuko da eta, horrela, euskal ikerketak hitz egiteko eta erabakitzeko aukera izango du Europan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia