}

Elhuyar aldizkariaren maiztasuna murriztu egingo da

2015/03/24 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Martxoko zenbakitik aurrera, Elhuyar aldizkariaren argitalpen-maiztasuna murriztu egingo da. Hilero beharrean, hiru hilez behin kaleratuko da papereko edizioa. Hurrengo zenbakiak ekainean, irailean eta abenduan izango dira.
elhuyar-aldizkariaren-maiztasuna-murriztu-egingo-d

Elhuyarrek gaur jakinarazi du Elhuyar aldizkariaren maiztasuna murrizteko erabakia. Arrazoi ekonomikoak tarteko, hilabetekari izatetik hiruhilabetekari izatera pasako da argitalpena. Urtean lau zenbaki izango ditu papereko edizioak: martxoan, ekainean, irailean eta abenduan.

Hala adierazi du  Elhuyarrek webgunean argitaratutako oharrean: “Testuinguru ekonomiko zail honetan, non urriago gabiltzan baliabidez (salmenten eta diru-laguntzen jaitsiera), are premiazkoagoa zaigu Elhuyar aldizkarian murrizketak egitea, Elhuyarren jarduerako beste arlo batzuetan bezala”. Horrekin batera, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekiko konpromisoa agertu  du, “edozein dela ere argitalpenaren euskarria (papera edo Internet)”.

Hala, Elhuyar aldizkariaren zuzendari Eider Cartonek “paperean ezin dena webgunearen eta sare sozialen bidez lantzeko asmoa” berretsi du martxoko zenbakiaren atarikoan, eta azpimarratu du Elhuyar aldizkariaren lantaldeak lanean segituko duela, kopuruari eutsi ezinak kalitatean eraginik izan ez dezan.

1986an sortu zen Elhuyar aldizkaria, zientzia eta teknologia euskaraz gizarteratzea helburu. Bi hilez behin argitaratu zen 1989ra arte, eta harrez gero, hilero. Hogeita hamar urteko ibilbidea du proiektuak; izan ere, zientziaren komunikazioaren arloko Elhuyarren lehen produktua izan zen. Gaur egun, paperean ez ezik, aldizkaria.elhuyar.org proiektu digitalaren bidez hedatzen du kultura zientifikoa. 1.475 harpidedun ditu, eta 23.000 bisitari jaso zituen iaz webguneak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia