}

Elektronika Gardenaren Berrikuntzak

2001/04/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Oregon State Unibertsitatean sistema elektroniko gardenetan erabil daitezkeen ‘p motako’ erdieroale berriak garatu dituzte. Material horien eroankortasuna oraingo onenek dutena baino 200 aldiz handiagoa da.

Material horiek beiraren gainean ipintzen direnean ikusezinak dira. Aplikazio asko izan ditzakete material horretaz egindako zirkuitu elektrikoek. Gaur egun, adibidez, ukipen-pantailetan erabiltzen diren zirkuituak dira. Dena dela, ikertzaileen ustez, material berriak dituen ezaugarrietatik ohiko zirkuitu gardenek dituztenetara alde handia dago eta, beraz, oraindik ezin da igarri nolako aplikazio berriak asmatuko diren esparru horretan. Hori ikerketaren hurrengo urratsa izango da eta ingeniariek egin beharko dute.

Material berria garatu duten kimikariek ez dute uste asko itxaron beharko denik aplikazioak merkatuan ikusi ahal izateko. Laster autoetan instalatzeko pantaila lauak edo bisore optikoen zirkuituak egiteko erabili ahal izango dira, seguru asko.

Material eroale gehienak opakuak dira, baina gaur egun badira gardenak ere merkatuan. Dena dela, gero eta sistema elektriko konplexuagoak egiteko beharra sortzen ari da. Diodoak eta transistoreak egiteko erdieroaleak nahitaezkoak dira eta horretarako elektroiak eta karga positiboa duten zuloak eroaten dituzten materialak beharrezkoak dira. Azken material horiei ‘p motakoak’ deritze.

Laborategi gutxitan ari dira horrelako materialak garatzeko ikerketak egiten. Laborategi gehienak Japonian daude. Horregatik, duela gutxi arte ‘p motako’ erdieroaleek oso korronte txikia eroan ahal izaten zuten. Orain zientzialari estatubatuarrek kobre-oxidoan oinarrituta dauden materialekin egin dute ikerketa eta arrakasta handiena kobrea eta kromoa dituzten oxidoekin lortu dute. Emaitza horiek kimikariak eta ingeniariak elkarlanean jartzeko ikerketa-programa baten barruan lortu dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia