Matxin kode irekiko aplikazioa da, eta Opentrad plataformaren parte da. Aurkeztu berri den bertsio berrituan bi ezaugarri nabarmen daitezke. Alde batetik, gaztelaniatik euskararako itzultzailea hobetu da. Hau da, orain aurkeztutakoa 2006an aurkeztu zen prototipoaren bertsio berritua da, eta itzulpenen kalitatean nabarmen hobetu da. Beste alde batetik, euskaratik gaztelaniarako Matxin itzultzailearen lehen prototipoa sortu da. Bi itzultzaileak www.opentrad.com web-orrian erabil daitezke doan.

Itzulpen automatikoaren munduan itzulpenerako bi metodo erabiltzen dira: erregeletan oinarritutakoa eta estatistikoa. Erregeletan oinarritutako sistemak informazio linguistikoarekin funtzionatzen du, alegia, informazio horren araberako erregelak sortzen dira. Estatistikoa, aldiz, lehendik egindako itzulpenetan oinarritzen da, eta jakintza hori erabiltzen du hurrengo itzulpenak egiteko garaian. Gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren kasuan bi teknikak garatu eta Matxin en integratu dira. Euskara-gaztelania itzultzailearen kasuan teknika estatistikoak bakarrik erabili dira.
Matxin gaztelania-euskara sistemaren balio erantsi garrantzitsuena da Opentrad kode irekiko sistemaren barruan dagoela. Ondorioz, gaztelania-euskara motorra behin garatu ondoren, komunitatearen esku geratzen da. Horrela, edonork bere beharretara egokitu dezake lizentzia ordaindu beharrik gabe.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.







