Elefanteak ez dira Afrikako parke naturaletan kabitzen
2000/10/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Elefanteak, iraungitze-arriskuan daudelako, espezie babestuak dira Afrikan, baina zenbait eskualdeetan gehiegi ugaldu eta bertako habitatarentzat mehatxu bilakatu dira. Paradoxikoa badirudi ere, elefanteak babesteko elefanteak hil egiten dituzte Afrikako parke naturaletan .
Hego Afrikako Kruger Parke Nazionalean urteak daramatzate elefanteen gainpopulazio-arazoak konpondu nahian. 1967 urtean 600 elefante hil zituzten populazioa 7.500 eta 8.000 ale bitartean egonkor mantendu ahal izateko. Hilketak urtero errepikatu dira ordutik: lehenik lasaigarriak eman eta ondoren tiroz hil. Elefante familia osoak akabatu dituzte horrela. Azkena 1994. urtean egin zen eta 312 elefante gutxiagorekin amaitu zen.
Jale aseezinak
Elefanteek egunean 18 eta 20 ordu bitartean ematen dute jaten eta bakoitzak 250 bat kilo belar irents dezake. Horregatik, euren ekosistema leheneratzeko ezinbestekoak diren arren, populazio handiegiak kaltegarriak dira. Elikagaiak behar dituztelako zuhaitzak behar bezala garatu aurretik behera bota eta basoak belaze bilakatzen dituzte. Bizi diren lurraldeko landaredia nolakoa izango den baldintzatzen dute eta, oro har, populazioaren araberako eragina dute biodibertsitatean. Elefante asko bizi den eskualdean biodibertsitatea txikia izan ohi da baina alderantzizkoa ez da zertan egia; hau da, elefante gutxi dagoen tokian biodibertsitatea ez da nahita ez handia. Erdi-mailako populazioek, aldiz, euren habitata aberasten dute.
Elefanteak lurralde zabaletako ibiltariak izan dira beti. Ehunka kilometro egiten zituzten berriz ere toki jakin batera itzuli aurretik eta, era horretan, bertako landaredia berreskuratzeko astia bazegoen. Orain, ordea, parkeetan bizitzera beharturik, toki gutxiago dute higitzeko eta, ondorioz, eragiten duten presio ekologikoa handiagoa da. Landareak hazi baino azkarrago irensten dituzte, denentzat adina ez baitago. Azkenerako lurra antzutu eta zer janik gabe, gosez hiltzeko arriskuari egin beharko diote aurre.
Eta elefanteekin batera, baita parkeko beste animaliek ere.
Bizi-baldintzak egokiak direnean elefanteen populazioa % 5 handi daiteke urteko, baina kontserbazioari begira berri pozgarria dena, azalera mugatuko parkeentzat arazo-iturri bilakatzen da. Gauzak horrela, Afrikako zenbait parke naturaletako kudeatzaileek beharrezkotzat jo dute elefanteen kontrola egitea.
Kontrola orain arte elefanteak hilez egin da batik bat. Izan ere, hori da ezagutzen den metodorik merkeena eta, gainera, dirua irabazteko aukera ematen du: marfila eta larrua nazioarteko merkatuarentzat eta haragia bertakoentzat. Nahiz eta metodo hori ahalik eta modu leunenean erabiltzen saiatzen diren, sufrimendurik eragin gabe elefanteak hiltzea ezinezkoa da. Elefanteak oso animalia sozialak dira eta kideen eta senitartekoen heriotzaz kontziente direla dirudi. Horregatik, populazio-kontrola egiteko hautabideak bilatu nahi izan dira.
Lekualdatzea eta kontrazepzioa
Aukera bat elefante-familiak lekualdatzea da. Horrela, eskualde bateko gainpopulazio-arazoak konpondu eta populazio berriak ezar daitezke aldi berean. Oro har, elefanteen gizarte egiturari begiratuta, familiak lekualdatzea hiltzea bezain traumatikoa ez dela uste da, nahiz eta zenbait ikerketek erakutsi duten animaliei asko kostatzen zaiela bizitoki berrira egokitzea. Lekualdatzearen estresari, iritsitakoan beldurra eta oldarkortasuna gehitu behar zaizkie. Horrez gain, eskualde berriak bilatzea zaila da. Baina arazorik larriena, oraingoan ere, ekonomikoa da. 8 tonako elefanteak harrapatu, garraiatu eta berriz askatzeko ekipamendu berezia behar da eta hau garestia da. Kontuan izanik Afrikako egoera ekonomikoa tamalgarria dela, kontrol metodo gisa ez dirudi lekualdatzeak etorkizun handirik izango duenik.
Hirugarren aukera kontrazepzioa da; hau da, populazioak jaiotzak kontrolatuz egonkortzea. Bide honetatik Kenya eta Hegoafrikan egiten ari dira ikerketak, Kruger Parke Nazionalean, hain zuzen.Bertan, Richard Fayren-Fosten irakasleak emaitza positiboak lortu ditu orain gutxi elefante emeen sistema immunologikoaz baliatuz. Animaliei ipinitako txertoak ernalketa saihesten duten antigorputzak ekoiztera bultzatzen du emeen sistema immunologikoa eta efektuak 12-14 bat hilabetez irauten du.
Txertoaren baliotasuna frogatzeko 20 elefante emeri ipini egin zitzaien eta beste hainbesteri ez. Sei aste geroago bigarren dosi bat jaso zuten eta hirugarrena sei hilabetera. Urte betera, txertatu ez ziren emeen % 84 eta txertatu zirenen % 44 umea egiteko zeuden. Bazirudien txertoa bide honetik zihoala. Emaitzak hobeagotzeko bigarren eta hirugarren dosien maiztasuna 2 eta 4 astera murriztu eta umedunen portzentajea % 20ra jaitsi zela ikusi zuten.
Ikerketak iraun duen bitartean tratatutako elefante emeek ez dute bigarren mailako efektu kaltegarririk agertu, ez fisikorik ezta portarea sozialari dagokionik ere, eta txertoaren eragina pasata berriz ere arazorik gabe kumeak egiteko gai izan dira.
Kontrazepzioaren bidetik orain arte egin diren saiakuntzek ez dute arrakasta handirik izan, baina baliteke azken honek besteek lortu ez dutena lortzea. A priori baldintza guztiak betetzen ditu: ematen erraza da –helikopteroetatik jaurtikitako dardoen bidez, adibidez–, eraginkorra da eta animalientzat segurua da. Kostua ere txikia bada aurrera jarraitzeko aukerak izan litzake.
Gainpopulazioa, salerosketarako aitzakia
1979 eta 1989 urteen bitatean Afrikako elefanteen kopurua erdira murriztu zen, hots, 1,3 milioitik asko jota 600.000ra. Arrazoi nagusia, noski, elefanteen hortzetako marfila. Urte hartan bertan nazioartean marfila salerosteko debekua ezarri zuten nazioek, prezioak ikaragarri egin zuen gora eta marfilaren eskaerak eta legez kanpoko ehizak behera egin zuten segituan.
Baina debekua berehala hasi zen erlaxatzen eta 1997an parkeetako elefanteen gainpopulazioa zela eta Zimbabwe, Botswana eta Namibiak salerosketa mugatuari baimena eman zioten. Kontserbazioaren aldeko erakundeentzat baimena 90eko hamarkadako akatsik nabariena izan da, euren ustez legezko salerosketek merkatu beltza babesten baitute. Eta badirudi arrazoirik ez zaiela falta, elefanteen ehizak eta legez kanpoko marfilaren konfiskazioak gora egin dute eta harrezkero. Joan den urtean, esaterako, Japoniarrek ia 60 tona marfil erosi zizkieten Zimbabwe, Botswana eta Namibiari, produktua legezko edo legez kanpoko hilketetatik zetorren detektatzeko sistemarik ezarri aurretik.
Asian ere arriskuan
Mendetan Asian elefanteak etxekotu eta lanerako erabili badira ere, iraungitzearenmamuari ihes egiterik ez dute lortu.
Ikertzaileen arabera Asia osoan 50.000 elefante basati baino gutxiago bizi dira, eta habitat galtzea da euren arerio nagusia. Asiako elefanteak Afrikakoak baino txikiagoak eta arinagoak dira eta arrek soilik izaten dituzte hortz luzeak. Horregatik, marfil bila dabiltzan ehiztarientzat ez dira hain erakargarriak. Alde horretatik, behintzat, Afrikan baino hobe daude. Habitatari dagokionez, berriz, arazoak larriagoak dira Asian, giza populazioa eta honen lur-eskariak handiagoak baitira han. Garai batean Sirian eta Iraken hasi eta Borneon amaitzen zen Asiako elefantearen lurraldea eta orain Asiako hego eta hegoekialdean bakarrik ikus daitezke.
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia