}

Ekintzaz jositako muga

2000/07/16 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Ozeanoek Lurreko kliman eragin zuzena dute. Hala ere, karbonoaren ziklo orokorrean duten zereginaz oso gutxi dakigu, besteak beste, ikertu beharreko eskualdeak oso zabalak direlako. Europako Batasuna 7 urtez ibili da ipar-ekialdeko Atlantikoan dauden ekosistema aberatsak aztertzen eta klima-aldaketan eragina duten prozesu garrantzitsuak identifikatu ditu.


Europako Batasunak Ocean Margin Exchange (OMEX) proiektua 1993. urtean jarri zuen abian. Programak ozeanoaren eta atmosferaren artean gertatzen den karbono dioxido trukea ikertzea eta horrek klima aldaketan izan zezakeen eragina aztertzea zuen helburu eta 7 urte iraun du. 32 milioi euroko (5.312 milioi pezetako, 212 milioi liberako) dirulaguntza jaso duen proiektuan Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetako 38 erakundek parte hartu dute eta badirudi emaitza interesgarriak lortu direla.


Karbono-metaketa


Ozeanoek gure planetaren bi heren estaltzen dituzte eta karbono-aren ziklo orokorrean zeregin garrantzitsua dute. Azken ikerketen arabera, giza jardueren ondorioz igorritako karbono dioxidoaren herena baino gehiago ozeanoek jasotzen dute eta, ondorioz, atmosferan gas gutxiago pilatzen da. Ozeanoek, beraz, berotegi-efektuari eta klima-aldaketari eusten laguntzen diete.


Prozesua zein den ezaguna da: atmosfera eta ozeanoaren artean karbono dioxidoa trukatu egiten da. Ozeanoak atmosferako karbono dioxidoa jaso, pilatu eta denbora luzez gorde egiten du eta, horrek, esan bezala, berotegi-efektuari eusten laguntzen dio. Baina, prozesu hori zein mekanismoren bidez gertatzen den ez dago oso argi. Gaur egun, bi hipotesi lantzen dira. Lehenaren mekanismoa oso sinplea da: gasa ozeanoetako uretan disolbatu egiten da, eskualde polarretatik gertuko ur hotzetan, batez ere. Bigarrenaren mekanismoari, berriz, "bonba biologikoa" deritzo eta bestea bezain garrantzitsua da. Honen arabera, fitoplanktonak itsas azalean pilatutako CO 2 -a fotosintesia egiteko kontsumitzen du. Fitoplanktona uretan esekiduran dauden landare mikroskopikoen multzoa da eta, fotosintesia eginez, karbono dioxidoa eraldatu egiten dute. CO 2 -a kontsumitu, oxigenoa askatu eta ozeanoetako biztanleentzako elikagaiak ekoizten dituzte. Ekoitzitakoaren zati bat ozeano hondoetara joaten da eta bertako sedimentuetan metatzen da.

Mekanismo horri esker, karbono dioxidoa atmosferan pilatu ordez, itsas hondoan pilatzen da.


Testuinguru horretan, ozeanoetako muga kontinentalak oso sistema emankorrak dira eta, hain zuzen, OMEX proiektuak gune horiek aztertu ditu. Muga kontinentalak plataforma kontinentala eta ozeano sakonaren arteko ertzak dira eta jarduera biologiko handia dute. Plataforma kontinentala, gu bizi garen lur zatia, ez da kostaldean bukatzen; hainbat kilometroz itsas azpian jarraitzen du. Gero eta sakonera handiagoa hartzen du eta bat-batean oso angelu bortitza duen aldaparekin amaitzen da. Europa eta ozeano Atlantikoaren artekoak, oro har, zabalak dira, angelu leunekoak, eta ondo garatutako maldak dituzte. Ozeanoetako sakonera gutxieneko eskualdeak direnez, itsas mailaren aldaketen menpe daude erabat eta itsas mailaren aldaketa klimaren menpe dago.


Muga konplexuak


OMEX proiektuaren helburu orokorra, beraz, ozeanoetako muga kontinentaletan karbonoaren zikloa nolakoa den ulertzea da, hau da, aipatutako hipotesiak eta errealitatea bat datozen egiaztatzea. Nahiz eta muga kontinentalek karbonoaren itsas zikloan garrantzi handia dutela jakin, galdera ugari dago oraindik erantzuteke: atmosfera eta uraren arteko karbono dioxido trukea nola gertatzen den eta horrek plataforma kontinentalaren emankortasunerako nola eragiten duen, adibidez.


OMEX proiektua bi fasetan garatu da: 1993tik 1996ra Bizkaiko Golkoko ipar-ekialdea ikertu zen eta 1997az gero Iberiar Penintsulako ipar-mendebaldea. Lehenengo fasean malda handiz amaitzen zen plataforma zabala izan zen ikergaia; bigarren fasean, berriz, guztiz ezaugarri desberdineko eskualdea aztertu zen: oso plataforma kontinental estua. Bertan, itsas korronteen eraginez ozeano hondoko ur emankorrak azaleratu egiten dira. Modu horretan, Europako ertz kontinetaletan gertatzen denaren ideia orokorra bereganatu ahal izan dute OMEX proiektuko ikertzaileek.


Bizkaiko Golkoan


Satelite bidez eginiko irudien arabera udaberritik udazkenera ur hotzeko eskualdea garatzen da Bizkaiko Golkoko ipar ekialdean; gune hori 200 metroko sakoneran dagoen muga kontinetalarekin bat dator. Urek gatz eta elikagai asko dituztenez, bertan fitoplankton-ekoizpen emankorra gertatzen da; fitoplanktona dagoenez, arrain ugari bizi dira ere eta, arrainak daudenez, arrantzaleak maiz hurbiltzen dira. Eskualdea, beraz, oso arrantza-gune garrantzitsua da.


Kasu honetan ikertzaileek fitoplanktonaren jarduera aztertu dute. Dirudienez, horiek ekoitzitako materia organikoaren erdia gutxi gorabehera itsas hondoko sedimentuetan pilatzen da, bai plataforma kontinentalean baita ertza osatzen duen paretan ere. Bertan, itsas hondoetan bizi diren organismoentzat elikagai izango dira edota metatu egingo dira. Ondorio horiek ateratzeko ikertzaileek itsas azal eta airearen arteko gas-fluxua neurtu eta trukea benetakoa dela ikusi dute. "Bonba biologikoak", beraz, benetan funtzionatzen du eta atmosferako karbono dioxidoa itsas hondora transferitzen du.


Horrez gain, muga kontinentaleko ura tenperatura desberdineko geruzatan banaturik dagoela ikusi dute. Tenperatura gradiente horren eraginez elikagaiak ezker-eskuin bai, baina geruza batetik bestera ez dira ondo garraiatzen eta itsas azalera ez dira iristen. Elikagai gutxi baldin badago, fitoplanktonaren jarduera murriztu egingo da eta "bonba biologikoak" eraginkortasuna galduko du. Ikertzaileen ustez planeta berotzeak eragiten du uraren estratifikazioa. Planeta beroagoan "bonba biologikoak" eraginkortasun txikiagoa izango du: karbono dioxido gutxiago kontsumituko du eta, ondorioz, planeta gehiago berotuko da.


Iberiar Penintsulan


Proiektuaren bigarren faseak Galizia eta Portugal inguruko eskualdea ikertu du. Eskualdea Europako emankorrenetakoa da, udaberritik udazkenera iparraldetik jotzen duen haizeari esker hondoetako elikagaiak azaleratu egiten baitira. Elikagaien zati handiena arrainek kontsumitzen dute. Bestalde, Vigo-ko eta Muros-ko itsasadarretan akuikultura bizia dago.


Baina jarduera biologiko handiko gunea izan arren, bertako plataforma kontinentala hain da estua, ekoitzitako materia organiko gehiena ozeanora garraiatzen dela. Eskualde iberiarrean, Bizkaiko Golkoan ez bezala, karbono gutxi metatzen da plataforma kontinentalean eta asko ertzeko aldapan eta ertzaz bestaldera.


Atmosfera eta itsas azalaren arteko karbono dioxido trukeak konplexuak dira. Hala ere, trukeak azaltzeko garatutako ereduak eta egoera errealak hein handian bat datozela ikusi da eta, horri esker, epe luzerako iragarpenak egin ahal izango dira. OMEX proiektuan lortutako emaitzak, gainera, beste muga kontinentaletara estrapola daitezke. Horrela, ozeanoetako prozesuek klima-aldaketa leuntzen zein nolako garrantzia duten balioztatzeko aukera izango dugu.


Muga kontinentalen garrantzi ekonomikoa


Biologikoki eta ekologikoki ez ezik, ekonomikoki ere oso garrantzitsuak dira muga kontinentalak; izan ere, munduko arrantza gune gehienak eskualde horietan daude. Horrez gain, kirol-arrantza eta turismoa oso jarduera garrantzitsu bilakatzen ari dira herrialde industrializatuetan. Honegatik guztiagatik, muga kontinentalak biziki ustiatuta dauden eskualdeak dira. Baina, aldi berean, munduko zabortegi handienak ere badira. Ertz horietan era guztietako hondakinak metatzen dira eta bertako ingurugiro eta ekologian eragiten duen poluzioa ikaragarri handia da. Garai batean ozeanoak guk botatako zaborra metabolizatzeko gai ziren; gaur egun, ordea, ez. Hala ere, zabortegi gisa erabiltzen ditugu oraindik ere. Bestalde, muga kontinentalak mineral-iturri dira. Urtero tonaka harea ateratzen da bertatik eta, zenbait lekutan, eztainua, urrea eta mineralak aurkitu dira. Baina, batez ere, gas naturala eta petrolioa dira muga kontinentaletatik erauzten diren lehengai preziatuenak. Azken urteetan muga kontinentaletan lanean dabiltzan petrolio-konpainiak nabarmen ugaritu dira, eskualde horietan egon bailitezke oraindik aurkitzeke dauden petrolio- eta gas-metaketak; izan ere, euren ezaugarri geologikoak direla eta, halako metaketak osatzeko oso gune aproposak dira. Jarduera ekonomiko horrek guztiak kalte ugari eragiten dizkio muga kontinentaletako ekosistema aberats eta konplexuari; klima-aldaketak eragiten diozkionak baino handiagoak, ziur aski.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia