}

Ekintza positibo eta propositiboak

2024/01/03 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

ekintza-positibo-eta-propositiboak
Arg. Pernan Goñi

Egoera kritikoen aurrean, pertsonok hiru jarrera hauetako bat hartu ohi dugu: pasiboa, erreaktiboa edo propositiboa. Pasibotasunak eta jarrera erreaktiboak aurkakoak diruditen arren, funtsean oso antzekoak dira, ez baitute konpromisorik hartzen ez batak ez besteak. Itxura isilagoa edo zalapartatsuagoa hartzen dute, baina jokabide pasiboa dute biek, aldaketarekiko konpromisorik gabea.

Jarrera propositiboa dutenek, ordea, arazoen aurrean irtenbideak proposatzen dituzte. Besteek arazoak eta zailtasunak ikusten dituzten tokian, egoera motibagarriak ikusten dituzte haiek. Eta proposatutako aldaketak abiatzeko ekimena izaten dute.

Gazteek klima-larrialdiaren aurrean jarrera propositiboa eta ekintzailea har dezaten, baliagarria izan daiteke historiako mugimendu aktibista arrakastatsuen lorpenak gogoraraztea.

Mugimendu sozialetatik etorri dira aldaketa sozial handienak. Beraz, hau da historian zehar hainbat kolektibok egindako aldarrikapenak eta lorpenak gogorarazteko eta ospatzeko unea.

Hauek dira gugan eragin handiena izan dutenetako batzuk:

  • Emakume sufragistek 1840ko hamarkadan hasitako mugimenduak ekarri zuen, urte luzeen ondoren eta mundu osoan zehar, emakumeak hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea izaten hastea.
  • Martin Luther King, Rigoberta Menchú eta Angela Davis dira, besteak beste, pertsona arrazializatuen eskubideen aldeko zenbait erreferente.
  • Dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharrak ikusarazteko borrokek lortu dute gure herrietan traba arkitektonikoak murriztea eta denontzako bizileku bihurtzea.
  • Aita Mari itsasontziak uretatik migratzaileak erreskatatzen egiten duen lanak Afrikatik datozen migratzaileen drama ikusarazten laguntzen du.
  • LGTBIQ+ mugimenduaren urteetako ekimena ari da lortzen identitate eta orientazio sexual askotarikoek dagokien lekua bereganatzea gizartean.
  • Mugimendu feminista ari da gizarte heteropatriarkalaren eraldaketa sozialerako errotiko alternatibak proposatzen.
  • Euskal Herriko Laborantza Ganberak Ipar Euskal Herriko nekazari eta abeltzain txikiei ematen die laguntza, eredu propioak gara ditzaten.
  • Euskal Herrian sortzen ari diren komunitate energetiko eta elikadura-sare alternatiboak bestelako kontsumo-eredu batzuk esperimentatzen eta sustatzen ari dira, guztiontzat baliagarri izan daitezkeenak.
  • Euskara eta bestelako hizkuntza gutxituen aldeko mugimendu sozialak jo ta ke ari dira lanean, munduan desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak babesteko.

Asko dugu eskertzeko iraganeko zein gaur egungo mugimendu sozialei. Haien ekimenik gabe, mundua askoz ere bidegabeagoa litzateke orain.

Gazteekin hausnartu zer mugimendu sozial atsegin dituzten, zerk motibatzen dituen, zer aldaketaren lekuko izan nahi duten. Ospatu aurrekoek lortutakoak eta egin tokia erronka berriei!

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia