}

EHUko lan bat, Trends in Microbiology aldizkariaren azalean

2011/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

EHUko lan bat, Trends in Microbiology aldizkariaren azalean
2011/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: -)

Donostiako Kimika fakultateko biokimikari-talde batek Aspergillus nidulans onddoaren esporulazioaren ikerketak laburbiltzen dituen artikulu bat argitaratu du Trends in Microbiology aldizkari ospetsuan.

Ikertzaile-talde askok egiten dute lan Aspergillus nidulans onddoarekin, batez ere, Aspergillus generoko beste onddo batzuen eredua izateko. "Onddo hau laborategiko eredu bat da", dio Oier Etxebestek EHUko biokimikariak. "Alde batetik, industrian asko erabiltzen da onddo-eredu hori. Adibidez, Japonian sakea egiteko erabiltzen den Aspergillus oryzae onddoaren eredua da, bai eta kutsatzeko arriskua duen beste onddo batena ere, Aspergillus fumigatus onddoarena".

Zehatz-mehatz, onddoaren ugalketa asexual bidez esporak sortzeko prozesua zer faktoreren araberakoa den aztertzen du EHUko taldeak. Prozesu hori oso konplexua da, eta, EHUko taldeak ez ezik, mundu osoko taldeek ere ikertu dute. Orain, EHUko taldeak ikerketa horien guztien laburpen eta bilduma bat argitaratu du Trends in Microbiology aldizkarian. Gainera, aldizkariko editoreek abenduko zenbakiaren azala eman diete.

"Guretzat oso albiste ona izan zen, azala eman izana sari handia delako. Zenbaki horretan argitaratu dituzten lanen artetik garrantzitsuentzat hartu dute gurea", dio Aitor Garziak, taldeko beste zientzialari batek.

1
271
2011
1
005
Mikrobiologia
Albisteak
9

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia