}

Eguzkitan egotea, uste baino are arriskutsuagoa

2004/08/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Eguzkiak igorritako erradiazio ultramorea neurtzeko metodo berri bat asmatu du Alemaniako ikertzaile-talde batek, eta, egin dituzten neurketen arabera, jasotzen dugun erradiazioa uste zen baino handiagoa da.

UV indizea kalkulatzeko, azalera lau batek zenbateko erradiazioa jasotzen duen neurtzen da orain. Horrela, ordea, ez da kontuan hartzen eguzkia etzatera doanean edota bertikalean jasotzen den erradiazioa.

Metodo hobea garatu nahian, angelu desberdinetan 27 azalerak jasotako erradiazioa neurtu dute Alemaniako hiru tokitan. Hiru urtean bi minututik behin bildutako datuekin, giza gorputzaren hiru dimentsioko eredu bat egin dute. Gainera, inguruko azalerek islatzen duten erradiazioa ere hartu dute kontuan.

Eredu horretan oinarrituta ikusi dute metodo arruntaz neurtutako erradiazioa benetakoa baino txikiagoa dela zenbaitetan. Hala eta guztiz ere, etzanda eta eguzkia goi-goian dagoenean dago arriskurik handiena, lehen bezalaxe.

Ikerketa International Journal of Biometeorology aldizkarian argitaratu dute.

Gehiago jakiteko:
The National Radiological Protection Board (AEB)
Instituto Nacional de Meteorología (Espainia)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia