}

Eguzkiaren orbanak oso konplexuak dira

2002/11/25 Elhuyar Zientzia

Stockholmeko Eguzki Fisikako Institutuak aurten jarri du martxan Kanariar Irletan Eguzkia aztertzeko teleskopioa. Jadanik lortu dituzte lehen irudiak eta oso ikusgarriak dira.

Eguzkiaren orbanei sekula inork atera dizkien irudi zehatzenak lortu dituzte: 90 kilometroko bereizmena dute argazkiek. Irudi berrietan Eguzkiaren orbanen egitura inoiz baino argiago ikusten da, eta, hala, orbanen sorrerari buruzko datu oso baliotsuak lortu dituzte.

Orbanak Eguzkiaren gainazaleko ezegonkortasun magnetikoaren ondorioz agertzen dira, eta kolore beltza tenperatura-aldearengatik izaten dute; askotan inguruan baino 2000 ºC gutxiago egoten da orbanaren erdigunean.

Argazkiek orbanen erdigunerantz doazen gasezko hariak daudela erakusten dute. Hariak eremu magnetikoaren korronteen ondorioa dira eta, zientzialarien ustez, hain egitura txikiak ikusi ahal izatea oso baliagarria izango da orbanen eredu teorikoa sortzeko. Horretaz gain, datu horiek eta aurrerantzean lortuko direnek Eguzkiko eremu magnetikoarekin erlazionatutako mekanismo fisikoak argitzen lagunduko dutela uste dute zientzialariek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia