Eguzki-erupzio baten orain arteko irudirik zehatzenak lortu dituzte Daniel K. Inouye eguzki-teleskopioaren bitartez, H alfa uhin-luzeran (656,28 nm). Erupzio hori X motakoa zen, 2024ko abuztuaren 8an sortu zen, eta irudietan inoiz jaso den txikiena da. Hain zuzen, bataz beste 48,2 km zabal zela kalkulatu dute. Hala ere, X motako erupzioak oso energia handikoak direla azaldu dute The Astrophysical Journal Letters aldizkarian.
Ikertzaileen arabera, behaketak uhin-luzera horretan egiteko gai izateak aukera ematen du eguzki-erupzioen ereduak fintzeko. Bide batez, erupzioek arriskuan jar dezaketenez Lurreko azpiegitura batzuen funtzionamendua, Eguzkiaren egitura horiek hobeto ezagutzeko eta aurreikuspen hobeak egiteko bidea ere eman dezake. Are gehiago: astronomoen ustez, litekeena da egitura horiek erupzio handiagoen oinarrizko osagaiak izatea. Zuhaitzekin alderatu dituzte: orain arte basoak behatzeko gai ziren, eta, orain, berriz, gai dira zuhaitz bakanak ikusteko. Horrek ematen du aurrerapausoaren neurria.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia