}

Egonean ere energia kontsumitzen da

2001/11/25 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Elektrizitate konpainiaren faktura heltzean konturatzen da kontsumitzailea etxetresna elektrikoek zenbat gastu sortzen duten. Gainera, etxetresna batzuek, inor konturatu gabe, eguneko 24 orduetan kontsumitzen dute. Oraingoz, alferkeria baztertuta kontsumo hori murritz daiteke, baina domotikaren aro berria sartzean, oharkabeko kontsumo hori ezinbesteko bihurtuko da.

Elektrizitate faktura txikitzeko aholku sinplea da honakoa: ez itzazu inoiz etxetresna elektrikoak egonean utz. Askoz gehiago kostatzen da telebista mandotik "erdi itzalita" uztea zutitu eta aparatutik bertatik itzaltzea baino. Bai, bai ongi irakurri duzu! Batzuetan, erosoagoa delako, errazago itzaltzen da telebista mandotik etengailutik baino, baina, egonean utzitako etxetresna elektrikoek uste baino askoz gehiago kontsumitzen dute. Eta etxeko gastuak alfer-alferrik egiten du gora.

Bideoak, grabagailuak, telefono-kargatzaileak, telebistak, ordenagailuak, sukaldeak, programa daitezkeen mikrouhinak, telefonoetako erantzungailu automatikoak, garajeetako ateetako motoreak, inprimagailuak eta beste hainbat tresnak deskonektatzean bakarrik uzten diote elektrizitatea kontsumitzeari. Eta hori, deskonektatzea alegia, ez da inoiz egiten, bestela programazioa galdu egingo bailitzateke. Etxetresna elektrikoen % 3-13 bitartean uzten dira egonean, eta horrek herrialde garatuetako kontsumoaren % 2 sortzen du. Duela urte batzuk, oporretara abiatu aurretik, nahikoa zen alferreko elektrizitate kontsumorik ez zela egingo ziurtatzeko, hozkailuari entxufea edo lokia ateratzea. Gaur egun, helburu hori lortzea ia ezinezkoa da.

Opor garaian izan ezik, hozgailuak ia urte osoa ematen du piztuta etxe gehienetan.

Energia kontsumoa neurtu nahi duenak etxetresnak erostean bertan egin behar dio so aparatu bakoitzaren kontsumo mailari. Normalean, energia kontsumo baxuko aparatuak garestiagoak izan ohi dira, baina epe ertain edo luzera prezio diferentzia konpentsatu egiten da. Etxetresna elektrikoak, elektrizitate-kontsumoaren arabera, A, B eta Ckoak taldeetan sailkatzen dira. A taldekoak kontsumo baxuenekoak dira, Bkoak kontsumo ertainekoak eta Ckoak kontsumo normalekoak. Jende gehienak ez ditu sailkapen horiek ezagutzen eta ezagutzen dutenek ere ez dituzte beti kontsumo baxueneko etxetresna elektrikoak hautatzen, garestiagoak izan ohi baitira.

Etxetresnak programatzeak eta sistema automatikoek etxebizitzetan erosoago eta seguruago bizi ahal izatea ekarri dute. Sistema automatiko horietako asko ezagun ezagunak dira dagoeneko. Horrelakoak dira, esate baterako, berogailua norbera etxera iritsi baino ordubete lehenago pizteko edo norberak nahi duenean itzaltzeko tresnak, eta argiak ordu jakin batean pizteko edo itzaltzeko tresnak. Horiek bezala, segurtasunaren alorreko automatismoek garrantzi handia hartu dute, esate baterako, lapurretaren kontrako alarmak, sua dagoela edo gasak edo urak ihes egiten duela detektatzen duten gailuak eta abar. Automatizazio-sistema gehiago ere badago: ateak irekitzeko urrutiko aginteak, erantzungailu automatikoak, energia aurrezteko metagailu elektrikoak…

Baina, garapena ez da horretara mugatu eta, gerora, domotika iritsi zen. Joan den hamarkadako hitz berrietariko bat.

Domotikaren aroa gain-gainean

Domotika sistemei esker, Maior-domoaren bitartez, etxetresna elektriko guztiak kontrolatu ahalko dira telefono bidez.

Domotika, labur esanda, automatizazio-funtzioak sistema bakar batean biltzea da. Integrazio horrek badu hainbat abantaila: instalazio bakarra behar da, erabiltzaileak sistema bakar baten funtzionamendua ikasi behar du, erabiltzaileak enpresa batekin eta laguntza teknikoko sistema batekin izango ditu harremanak eta, garrantzizkoena, sistema guztiak integratuta egonik, zerbitzua optimizatuagoa izango da; adibidez, lapurretaren kontrako sistema martxan jartzen denean, sistema domotikoak etxea hutsik gelditu dela ulertu eta tenperatura gradu batzuk jaitsarazi dezake, eta aldi berean energia aurreztu.

Euskal Herrian bada sare domotikoen sistema merkaturatu duen enpresa bat baino gehiago. Fagor-ek, adibidez, Arrasateko Ikerlan ikerketa-zentroarekin batera, aspalditik dihardu arlo hori jorratzen. Lan horren emaitza Fagor Sare Domotikoa izan da. Sare horretan etxetresna elektrikoak, berogailuak eta segurtasun eta komunikazio tresnak integratu dira. Sistemaren muina Maior-domoa da, eta telefonoaren bidez etxeko aparatuak kontrolatzen eta monitorizatzen ditu.

Aginduak emateko, Maior-domoak etxeko instalazio elektrikoa erabiltzen du; hortaz, ez dago instalazio berria egin beharrik. Sistema guztiz modularra da, hau da, erabiltzaileak aukeratzen ditu sare domotikoan sartu nahi dituen aparatuak eta aplikazioak. Sarean elementuren bat sartu edo saretik atera erabiltzaileak berak egin dezakeen lana da, erraz programatzen baita. Izan ere, bulegoetan eta lantegietan mantentze-lanaz eta instalazioaz arduratzen den jendea egoten da, baina etxeetan ez. Etorkizuneko abantaila teknologikoak ere sistema domotikoaren onurarako izango dira.

Ildo horretatik, CENELEC erakundeak —instalazio elektrikoen kalitatea arautzen duen Europako erakundea— araudi berria onartuko du etxeetako sare elektrikoaren bidez egin daitekeen komunikazioaren kalitatea hobetzeko.

Instalazio domotikoak hobetzeko ikertzen ari direnek, sare elektrikoa optimizatzeaz gain, badute beste ikerketa-lerro bat ere: irrati bidezko komunikazioak. Horrelako sistemak aspalditik ezagutzen dira: haririk gabeko entzungailuak edo garajeko ateak irekitzeko ohiko aginte-tresnek, adibidez, irrati bidezko komunikazioa erabiltzen dute. Komunikazio mota hori merkea da, baina horrelakoek irrati-maiztasun bera erabiltzen dutenez, interferentzia ugari sortzen dira.

Bluetooth-ek, irrati-teknologia berriak, domotikan izan dezakeen eraginean ere itxaropen handia dute adituek. Labur esanda, Bluetooth teknologiak kable bidez konektatzen den guztia kablerik erabili gabe konektatzeko aukera ematen du. Baina ez da horretara mugatzen. Teknologia hori ez da soilik sagua, inprimagailua edo beste zerbait ordenagailuarekin konektatzeko, zerikusi zuzenik ez duten dispositiboak konektatu eta automatikoki sinkronizatzeko aukera ematen du eta. Horrela, esate baterako, telefono mugikorra ateak irekitzeko erabil daiteke, etxetresna elektrikoekin konektatzeko, telefonotik ordenagailura dokumentuak eramateko, kontagailuak irakurtzeko...

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia