Zure izena Aranzadiri lotuta agertzen da beti. Nola sartu zinen elkartean?
Oso gaztetatik zaletasun handia izan nuen arkeologiarekiko eta historiarekiko, ziur asko, aitarengandik jasoa. Hala, EHUn hasi nituen historia-ikasketak, eta, gero, oporraldietan, Aranzadiko indusketetara joaten nintzen boluntario. Udako bi astetan sortzen zen giroa —gazte talde bat mendialdean, lur azpian aztarnak bilatzen— zirraragarria egin zitzaidan, eta harrapatu egin ninduen. Gainera, arkeologiarekin, herrialde desberdinetako geografiarekin eta bertako jendearekin harreman sakonak sortzen dira, ez zaude laborategi batean giltzapetuta. Arkeologiak oso praktika soziala du.
Amaiurko aztarnategiko zuzendaria zara. Zer da Amaiur zuretzako?
Leku hori gakoa da historiaren ikuspegitik, eta, horrez gain, bizitzeko modu bat izan da. Niretzat, ez da bakarrik ikerketa izan: lagunak egin ditut, familia bat daukat han ere, eta nire paisaia sentimentalaren parte bat da. Oso barneratuta daukat. Eta, batez ere izan da sehaska bat ikerlari gazteak bultzatzeko. Baliagarria izan da euskaraz aritzeko auzolanean, herriarekin elkarlanean, ikuspegi zientifikoarekin eta umiltasunez. Arlo horiek denak landu ditugu, eta hor sortu dira sei-zazpi ikerlari gazte hurrengo hamarkadetan emaitza handiak emango dituztenak gure historian eta gure etnografian.
Nazioartean ere badu garrantzia, Nafarroako konkistaren interpretazio-gunea bihurtu baita, memoria-toki bat. Horregatik, orain, mendi tontor horretan, gaztelua paisaian sartu da, eta behin betiko museo bat sortzen ari gara bertan. Horiek izan dira gure helburu nagusiak, ondare hori gizarteratzea. Hurrengo urratsak hori guztia idazteko izango dira.
Eta aztarnategietan lurra arakatzen ibiltzetik, Aranzadiko idazkari nagusi izatera. Nola eman zenuen pauso hori?
Ibilbide luzeko erakunde zientifikoa izan arren, Aranzadik oso baliabide ekonomiko gutxi zituen, eta, beraz, nahiko erraza zen soldatarik gabeko erantzukizun hori lortzea. Beharbada, gaur egun, jarrera horiek gero eta gutxiago ulertzen dira, baina oso garrantzitsua da hainbat esparrutan pertsona askok beren lan-hitzarmenetatik harago egiten duten lan hori. Horrela ulertzen dut herria egiten dela. Bizitzarekiko jarrera kontua da.
Batzuok betitik ezagutzen dugu Aranzadi, baina bada entzun ere egin gabea zuenik Irulegiko eskua aurkitu zenuten arte. Irulegikoa zertan den jakin nahiko genuke.
Oinarrizko testigantza da, espezializatutako hizkuntzalari eta epigrafistei eman diegun froga objektibo berria. Guk metodologia zehatz batekin atera dugu lur azpitik, baina ez dakigu idatzita dagoena irakurtzen edo ulertzen. Horretarako, sarean lan egitea oso garrantzitsua da; kasu honetan, Joaquin Gorrotxategi eta Javier Velaza adituekin.
Hemen, erromatarren kultura nabaria izan da. Hala ere, hizkuntza indigena gorde zen, eta horrek bereziak egiten gaitu Europa osoan. Hizkuntzaren biziraupen horren mekanismoak ezagutzeko, erromatarren presentziaren aurreko testigantza idatziak behar ditugu, baita erromatarren garaikoak ere, hala nola Irulegiko eskua eta Larunbeko aldarea.
Larunbeko aldarea Nafarroako iparraldeko euskararen lekukotasunik zaharrena bihurtu da, eta, gainera, azpimarratu nahiko nuke emakume bat dela protagonista.
Zer espero dezakegu etorkizunerako?
Ziur nago datozen hamarkadetan euskararen jatorriari buruzko testigantza idatzi gehiago aurkituko direla mendebaldeko Pirinioetan. Froga objektibo gehiago ditugun heinean —antzinako testigantza idatziak—, haien jatorriari buruzko egia judizialetik gertuago egongo gara. Europako mugaz gaindiko zientzia-esparruetan, eta arkeologo belaunaldi berriei esker, Baskoniaren mundu naturala ikusten hasiko gara, iragan haren ikuspegi zientifikoa deformatzen eta baldintzatzen aritu diren muga politikoen gainetik.
Jon Urbe/©Foku
Zer esan nahi duzu muga politikoekin?
Ez du inolako zentzurik Dantxarineko egungo Venta Peio edo Behobiako gendarmeria izatea duela bi mila urteko errealitate kulturalen muga, ez dira baskoien mugak. Barregarria da iragana aztertzea mende askoz geroago sortutako mugetan eta dinamika politiko modernoetan oinarrituta. Garai hartako biztanleriaren errealitatera hurbildu behar dugu, lurralde-dinamika propioak eta ingurune naturala oinarri hartuta.
Eta horretarako zer egin behar da?
Arkeologo belaunaldi gazte berriei arkeologiaren pasioa eta lan-kulturaren garrantzia irakatsi. Arlo honetan, lidergo zientifiko berriak behar ditugu, bailaraz bailara indusketa arkeologikoak garatzen, tokiko komunitateen lankidetzarekin. Eta apaltasunez, ikertzaile batek, berak bakarrik, ez baititu erantzun guztiak eta ez baitaki denetarik; sarean lan egin behar du. Gaur egun, zientziaren alorrak oso espezializatuta daude: arkeologoak, hizkuntzalariak, epigrafistak, genetistak… Elkarrekin lan egin behar dugu, eta, horrela, guztion artean, gure hizkuntzaren sorrera historikoen ezagutzan aurrera egingo dugu. Harrokeria da gure iragana ikertzen dugunon akats nagusienetako bat.
Euskararen iragana alde batera utzita, gerra zibileko desobiratzeengatik ere ezagutzen du jendeak Aranzadi. Gizartearen onurarako elkarteak lan egiten duen adibide argia da.
Aranzadiren ezaugarri bat izan da herritik oso gertu egotea, eta herriaren eskaerei erantzutea zientziaren bidez. Aurten dira 25 urte Leongo Bierzora joan ginela, hango senideek laguntza teknikoa eta zientifikoa eskatuta. Espainiako memoria historikoaren garai horretako Aranzadiren lehen lana izan zen.
Aurretik, frankismoaren bukaeran, eta Franco hil eta hurrengo urteetan, hainbat hilobi ireki ziren estatu osoan, baina senideek berek ireki zituzten, eskuekin, aitzurrekin.
Baina memoria historikoaren fase honetan zientziak bere tokia izan du, eta duintasuna eman diogu ekimen horri, zeren eta egiak behar du. Hemen bazegoen Antropologia Fisiko alorreko departamentu bat, Frantzisko Etxeberriaren zuzendaritzapean, eta orduan hartu genuen erabakia, duela 25 urte, hara joatekoa, haiei laguntzera. Garai hartan afera horretan sartzea ez zen kontu erraza. Hemengo nagusiek aipatzen ziguten erdi politikoa zela, eta beldurra ematen zuen ea dirulaguntzak galduko ote genituen. Eta, hala ere, hara joan ginen. Eta izan da elkarte honek eman duen ekarpen handiena, ez bakarrik Euskal Herriari baina estatu osoari.
Giza eskubideen alorrean lan hori egin da beti senideen eta memoria-elkarteen eskuetatik. Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ere elkarlanean urte asko daramagu, eta aipatu behar da ehunka ikertzaile aritu direla auzolanean eta jarraitzen dugula, beti filosofia berarekin: Sevillara baldin bagoaz, Sevillako antropologoekin egingo dugu lana, Sevillako gure bazkideekin, eta Sevillako senideekin. Izan ere, egiak behar du oinarri zientifiko sendo bat.
Jon Urbe/©Foku
Aranzadiko zer beste arlo nabarmentzen dira? Astronomian, adibidez, ekimen asko antolatzen dituzue eta datorren urtean eguzki-eklipse osoa dago. Dagoeneko, ariko zarete prestatzen…
Bai, horretan Virginia Garcia Pena dabil buru-belarri. Nik, egia esan, ez dakit asko horri buruz. Baina argi dago urte berezia izango dela.
Beste arlo batzuk nabarmentzekotan, ornitologia, herpetologia eta mikologia aipatuko nituzke. Denetan daude ikertzaile oso onak, puntako ikerketak egiten, nazioartean ere onarpena dutenak. Adibidez, hegaztiak eraztuntzen Aranzadi aitzindaria da.
Horrez gain, gure lana ez da bakarrik ekintzak aurrera eramatea; idatziz ere memoria utzi behar da etorkizunerako. Hala, urtero, gutxi gorabehera hamabi argitalpen ateratzen ditu, propioak: betiko Munibeak, natur zientziakoak eta antropologia arkeologiakoak, Nafarroan historiako monografikoak, Nafarroa Arkeologia Auzolana izeneko bilduma, gerra zibileko eta gertuko historiako memoriaren monografiak… Beraz, gure argitalpenak nahiko sendoak dira, eta maila altukoak.
Bukatzeko, desinformazioaren eta egia-ostearen garaiotan, zein da Aranzadiren rola? Kezkatzen zaitu Trumpen gobernuak duen jarrera zientziaren aurka? Nola egin aurre?
Trump gure munduaren isla zuzena da, non denak balio duen ekonomian arrakasta izateko. Eta, noski, giza eskubideak eta eskubide zibilak mespretxatzen dituztenei ez zaie gustatzen hiritarrak kultura zientifikoan eta politikoan trebatzea. Belaunaldi berriek prestakuntza ona izan behar dute, ez bakarrik zientzian, baita kultura politikoan ere.
Diktadoreek beti nahi izaten dute herritarrek artalde gisa funtzionatzea, kontzientzia kritikorik gabeko ardiekin, eta zientzian lan egiteko zortea dugunok hausnarketa kritikoaren eta politikaren beharra transmititu behar dugu, gizarte aske gisa behar bezala aurrera egiteko.
Nik neuk entzun dut zientzialariak izan behar duela neutroa, eta ez duela politikoki lerratu behar. Eta hori diotenak, ia denak, posizionatuta daude. Eta uste dut kontrakoa: gaur egun, ezinbestekoa dela inplikatzea, eta interesatua dela esatea ez duela inplikatu behar.
Aranzadin nahiko ausardia dugu gizarteak ingurumen edo giza eskubideen arazoetan gure iritzia emateko. Adibidez, Debako zentral nuklearraren auzian, eta Aralarko pistak eta intsinis pinuaren kontuarekin lehen, eta, orain, eukaliptoaren gainean... Baita frankismoan desagertutakoei buruz ere! Eta Amaiurko gaztelua begi bistan jarri dugu. Eta orain euskararen sorreraren inguruko ikerketak egiten ari gara, eta badakigu zein den gure lan-esparrua. Arlo horiek lantzen ditugu, eta batzuetan ez dira oso atseginak, baina, hala ere, hor gaude.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







