}

Edertasuna etereoa da, eta, hala ere, hauteman dezakegu

2004/05/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakia gainerako bizidunetatik bereizten duen ezaugarrietako bat edertasuna hautemateko gaitasuna da. Estetikaren kontzeptua zaila da definitzen, eta kultura eta garai batetik bestera aldatu egiten da, baina gizaki orok gozatzen du ederra den zerbait kontenplatzean. Izan ere, gizakiaren garunean dago gakoa.
Noiz hasi ote zen gizakia iluntzeen edertasuna antzematen?

Nork esango zuen filosofiak eta neurologiak, itxuraz hain urruneko gaiak izanik, elkarren beharra zeukatenik?. Bada, estetika gaitzat hartzen bada, argi geratzen da bi zientziek duten lotura. Filosofiaren adarretako bat da estetika; edertasuna eta artea aztertzen ditu, eta azterketa horretan beharrezkoa du gizakiak estetika nola hautematen duen ezagutzea; horretarako neurologiaren aurrerapenak erabiltzen dira.

Horixe egin dute Balear Uharteetako Unibertsitatean. Hain zuzen ere, magnetoentzefalografoa erabili dute edertasuna hautemateko gizakiak garuneko zein atal erabiltzen duen jakiteko. Zortzi emakumeri, banan-banan, estilo desberdinetako margoak erakutsi zizkieten: klasikoak, abstraktuak, inpresionistak, postinpresionistak eta baita zenbait argazki ere, ingurune naturaletakoak batzuk eta hirietakoak beste batzuk. Irudia ederra zen ala ez epaitu behar zuten, eta magnetoentzefalografoak, aldi berean, aktibitate gehien zeukan garunaren atala nabarmentzen zuen.

Esperimentu haiei esker jakin da estetika edo edertasuna hautemateaz arduratzen den garuneko atala kortex prefrontala dela. Hara! Atal horretan bertan prozesatzen dira eta gizakiak berariazko dituen hainbat prozesu; esate baterako, iritzia, pentsamendu kritikoa, zuhurtasuna, eginbeharrak planifikatzea eta abar.

Margolanak kolore- eta irudi-multzoa baino gehiago dira.

Gaitasun horiek bereizten gaituzte batez ere gainerako primateetatik. Garunean oso prozesu konplexuak osatzen dira, eta halakoxea da estetika hautemateko prozesua; garunarentzat ez da lan samurra edertasuna edo artea kontenplatzea, zalantzarik gabe. Beraz, ez da kasualitatea prozesu horiek guztiak kortex prefrontalean gertatzea.

Estetika hautematea gizakien berariazko gaitasuna izanik, beste galdera bat etortzen da burura: noiztik da gizakia edertasuna antzemateko gai? Galdera horren erantzun zehatza ez da sekula ere jakingo, ezinezkoa baita jakitea lehenengoz noiz sentitu zuen gizaki batek zerbait ederra zela; baina antropologoak momentu horretara ahalik eta gehien gerturatzen saiatzen dira. Eta, horretarako, antzinako gizakiak eginiko arte-lanak bilatzen dituzte. Izan ere, arte-lana egin izanak adierazten du ondoren kontenplatzeko gaitasuna zeukatela.

Artearen agerpena aurrerapen handia da giza eboluzioan. Ordura arte erabilgarritasuna bilatzen zen tresnetan; baina, halako batean, ez zen beharrezkoa tresna bat erabilgarri izatea ederra bazen. Giza garuna estetika hautemateko gai delako gertatu zen aurrerapauso hori. Gizakiak tresna, paisaia edo irudi bat ikustean sentsazio atsegina zeukan, gozatu egiten zuen ikusten zuenarekin.

Gizakiaren garunak eboluzionatu ahala, kontzeptu berriak jaio ziren, artea, esaterako.

Edertasuna kontenplatzea atsegina izan zedin, sentsazio horrek euskarri fisiko bat behar zuen; hau da, garunak horretarako prestatuta egon behar zuen. Ez dago jakiterik garunaren eboluzioa mutazio genetiko hutsal batek eragin zuen ala nahitaez gertatu beharreko zerbait zen. Dena dela, garunaren garapen horri esker sortu zen artea.

Duela gutxi arte, zaila zen zehaztea zein zen arte-lanik zaharrena, batez ere datazioaren fidagarritasunaren baitan zegoelako erabakia. 30.000 urte baino gehiago dituzten arte-lan bat baino gehiago topatu izan dira. Horien artean daude Frantziako Cussac-eko haitzulo bateko 200 irudien grabatuak, Italiako Veronako margo-lanak eta Alemaniako Ach bailaran topatutako irudia, mamut baten hortz-zati batean zizelkatutako giza irudia, alegia.

Baina, hara non, bi urte ez direla, 77.000 urteko arte-lan bat aurkitu zuten Hegoafrikar Errepublikako Blombos haitzuloan. Okrezko bi harri gorri dira, eta marrak eta triangeluak dituzte zizelkatuta. Egileak pentsamendu abstrakturako gaitasuna zeukala erakusten dute harri horiek. Ikertzaileek diotenez, apaingarri gisa ez ezik gorputzak margotzeko ere erabiltzen zituzten harri haiek. Hala bada, gizaki haiek bazekiten edertasuna zer zen, zalantzarik gabe.

Edertasun-eredua aldatu egiten da kultura batetik bestera, eta baita garai batetik bestera ere.

Dena dela, ez dago esaterik gizaki haiek zeukaten edertasunaren kontzeptua eta geurea berdinak direnik. Historiak erakusten digu garaien arabera edertasun-eredua aldatu egiten dela, eta, garaiak bakarrik ez, kulturak ere zeresan handia dauka ederra zer den eta zer ez erabakitzeko sasoian. Izan ere, fisiologikoki edertasuna hautemateko gaitasuna gizaki orok daukan arren, estetikaren kontzeptua ikasi egiten da neurri handi batean.

Eta artea bera ere kontenplatzen edo begiesten ikasi egiten da, gainerako gauzen antzera. Horregatik aukeratu zituzten, antza, artearen alorrean ikasketa berezirik ez zeukaten emakumeak Balear Uharteetako esperimentu horretarako, edertasuna hautemateko prozesuan gunerik funtsezkoena definitu nahi zutelako, gainerako guneek distortsiorik sortu gabe.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia