Ederra eta piztia
1994/06/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nor dabil oilategian, horrelako zalaparta eta iskanbila sortuz? Gaueko Ilargiaren argitasunean, zakurraren zaunkek izutu gabe, katu luze baten antzeko itzal batek jauzi bikaina eginez hesia pasa eta oilo bati heldu dio lepotik. Alferrikakoak izan dira oiloaren karaka eta garrasiak; lepazuriaren horzkada gupidagabeak berehala menperatu du bere harrapakina. Bapatean, gure hotsa entzunda edo, ezkutalekurantz abiatu da bizi bizi, oiloa askatu gabe, noski.
Bizitza ez da batere erraza izaten mendian, eta are gutxiago kumeak elikatu edo neguko hotz eta barau gogorrak jasan behar direnean. Lepazuria bezalako animaliek, ehiza-saio ugari egiten dituzte urdailera zer edo zer eraman ahal izateko, emaitza txarrak haiek nahi baino gehiagotan lortzen dituztelarik. Horrelako egoeretan, lepazuriek lotsa guztiak galdu eta oilategiak bezalako aparteko ehizalekuak bisitatzen dituzte ahal duten guztia harrapatuz.
Etxabereei egindako eraso hauek sor dezaketen gorrotoa alde batera utzita, lepazuria animalia bizkor eta dotorea dugu. Erbinude, ipurtats, igaraba, azkonar eta antz handikoa den lepahoriarekin batera, mustelidoen familian sailkatu da, guztiek bost behatzeko hanka laburrak, gorputz luzea, eta goiko barailan bi hagineko hortzeria dutelarik. Ehiztari ausart honen gorputzaren luzera 42-55 cm-koa izan ohi da, eta isatsarena berriz, 22-30 cm-koa, 1,2-2,2 kg-ko pisua izan dezakeelarik. Buru triangeluar motzantza, lepo luze eta sendoa, eta hanka zabal eta laburrak ditu. Begi arre ilunak ditu eta haragi-puskak erraz zarratatzeko moduko letagin zorrotzak. Hain estimatua izan den harrapakari honen larrua, elurra bezain zuria da okotz, zintzur, bularralde eta aurreko hanken hasieraraino, gainerakoan kolore marroi argi edo arrea ageri duelarik.
Lepazuria ia Europa osoan bizi da, Britainiar irlak, Eskandinavia eta Mediterranioko irletan izan ezik. Euskal Herrian ere zabal banatua dago. Lurralde osoan ager daiteke; batez ere gordelekutan aberats diren baso, malkar harritsu, borda eta herri inguruetan. Gure ehiztari nekaezina, ilundu orduko jartzen da martxan, gau osoa sagu, arratoi, igel, intsektu, arrautza, hegazti, edota masusta eta beste fruten bila botatzen duelarik. Animalia hau ez da oilasko edo uso batzuei odola edan eta bertan uzteko bezain odoltzale eta ankerra, zenbaitek dioen bezala, eta hegazti-haztegietan eraso ugari eta gogorrak egin ditzakeen arren, eskertzeko moduko lana burutzen du bere dietaren zatirik handiena osatzen duten karraskari-populazioak kontrolatuz.
50-300 hektareako lurraldearen jabetza eta mugak ezartzeko, harkaitz, enbor edo bestelako leku ikuskorretan ezarritako usain-markak erabiltzen dituzte, hurbiltzen diren espeziekideei jabea duela adieraziz. Ibilaldietan zehar, eta batez ere ehizean ari denean zuhaitzetara igo badaiteke ere, lepazuria bizimodu lurtarreko animalia dela kontsidera daiteke. Animaliaren mugimenduak nahikoa xelebreak dira, gorputz luze eta malgu, eta hanka motzekin, oso bizkor ibili baino gehiago jauzika egiten duelarik.
Mustelido honen araldia udan izan ohi da, eta kopularen ondoren, atzeratutako ernaldia izeneko prozesua burutzen da. Prozesu horretan, enbrioien garapena hilabete batzuetan geldirik egoten da, kumeen jaiotza 8-9 hilabete geroago, hurrengo udaberrian, gerta dadin. Baina urtarril eta otsailean ere araldia izan daiteke, 2 hilabeteko ohizko ernaldiaren ondoren emea harkaitz-zulo batean 3-7 kumez erdituko delarik. Emea izaten da kumeei titia eman eta zaintzeaz arduratzen dena, eta hauek 35 egun pasata irekiko dituzte begiak. Edoskitzaroak bi hilabete irauten du eta hirugarren hilabetea igarota, udan, kumeak amarekin ehizean hasiko dira, guztiz independizatu arte. Bizialdia 10-12 urtekoa da eta 2-3,5 urte pasatuta dira sexualki heldu.
Gaur egun lepazuria animalia ugaria eta arrunta bada ere, bere kopurua izugarri murriztu zen duela urte batzuk. Bai lepazuria, bai tankera horretako beste animalia asko, pizti kaltegarritzat hartu ziren, eta estriknina, eskopeta, tranpa-kutxa, lazoa eta abarren bidez ehizatu ziren, deuseztatzeko bide guztiak zilegi zirelarik. Gainera, lepazuriaren larru preziatuak dirutza handia balio zuen eta duela 50 urte, larru bat salduta garai hartako 1.000-1.500 pezeta eta gehiago ere lor zitekeenez, jende askok eta askok ekin zion urte haietan “pizti” hauek ehizatzeari. Zorionez, larruen balio eskasa eta legeak ematen dion babesa dela eta, gaur egun iharduera hori ia desagertu egin da, lepazuria eta beste animalia batzuen populazioak emendatu ahal izan direlarik.
FITXA TEKNIKOA Lepazuria Espeziea: Martes foina |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia