}

Eboluzioa koloretan

2001/03/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Nature aldizkarian argitaratutako Hong Kong-eko Unibertsitateko lanaren arabera, gizakiek primate gosetiei zor diezaiekete ikusmen trikromatrikoa. Gorria eta berdea bereizteko gaitasunak hosto samur eta gozoenak aukeratzeko ahalmena ematen zien eta hori, noski, beraientzat onuragarria zen.

Mundu Zaharreko primate katarrino guztiak (horien artean daude gizakiak) eta Mundu Berriko tximino handienak diren Cebidae familiakoak dute ikusmen trikromatikoa, Mundu Berriko beste tximino batzuek ere neurri batean ikusmen trikromatikoa duten arren. Gainerako ugaztunek ikusmen dikromatikoa dute, hau da, ez dira gorria eta berdea bereizteko gai.

XX. mendean eta gaur arte, ikusmen trikromatikoaren zioa oihaneko hosto berdeen artean fruituak antzematea ahalbidetzea zela uste zuten. Baina ikusmen dikromatrikoa duten animaliek fruitua gehienetan islatzen den argi-mota antzeman dezaketela ikusi dute ikertzaileek. Landare tropikalen hosto berri eta samurrak dira antzeman ezin dezaketen janari bakarra. Izan ere, Afrikako landareen hosto berriak gorriak dira; Hego eta Erdialdeko Amerikan, aldiz, ikusmen trikromatikoa duten tximino gutxiago daude eta, gainera, hango landareen hosto berrien herena besterik ez da gorria.

Ugandako Kibale parke nazionaleko primateen janari-zaletasunak aztertu dituzte, baita beraiek aukeratutako janarien kolorea, eduki kimikoa eta samurtasuna ere. Alde batetik, hosto berriak, kolore gorrikoak, samurragoak izateaz gain, proteina gehiago dutela eta errazago digeritzen direla ikusi zuten. Bestetik, primate gutxik jaten dute hostoak soilik, baina beren irtenbidea da janaria urritzen denean. Beraz, elikagarrienak eta errazen digeritzen direnak aukeratu ahal izatea onuragarria da. Ikertzaileen ustean, hori izan zen ikusmen trikromatikoaren garapena bultzatu zuena, ez, ordea, fruituak hosto berdeen artean antzematea.

Mundu Zaharreko primateekin (guztiek dute ikusmen trikromatikoa) egindako lan hori ikusmen trikromatikoaren garapenaren beste ikuspegi bat eman duen lehenengoa da. Horregatik, azterketa gehiago egingo dira, baita Mundu Berriko primateekin ere. Horrela, ikusmen dikromatikoa eta trikromatikoa dutenak zuzenean alderatuz, batzuek gorria ikusteko ahalmena zergatik duten jakin ahal izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia