}

Duela 71 mila urteko harrizko ezpalak, gure espeziearen ahalmenaren erakusgarri

2012/11/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Noiztik ditu gure espezieak besteetatik bereizten dituen ezaugarri kognitibo eta kulturalak? Berezkoak ditugu, eta, beraz, lehen Homo sapiens-en garunek ere bazituzten H. sapiens garaikideek dituzten ahalmenak, edo denborarekin joan dira garatzen? Aspaldiko eztabaida da, eta ez dago hipotesietako bat onartu eta bestea baztertzeko froga garbirik, baina, Nature aldizkarian on-line argitaratutako artikulu bat aintzat hartuz gero, badirudi lehen hipotesia gailentzen ari dela.
duela-71-mila-urteko-harrizko-ezpalak-gure-espezie
Arg. Simen Oestmo

An early and enduring advanced technology originating 71.000 years ago in South Africa da artikuluaren izenburua, hau da, “Duela 71.000 urte Hego Afrikan sortutako teknologia goiztiar eta iraunkor bat”, gutxi gorabehera. Hego Afrikako, Estatu Batuetako, Australiako eta Greziako unibertsitatetako arkeologoak eta paleontologoak dira egileak, eta, lanean, Hego Afrikako Pinnacle Point mendixkan aurkitu dituzten harrizko xafla batzuk deskribatzeaz gain, haietatik atera dituzten ondorioak ere azaltzen dituzte.

Aurkitutako harrizko ezpal txiki horiek (gehienez ere 3 cm luze dira) orain arte topatutako zaharrenak dira. Antzinakoenek 71.000 urte dituzte, eta 10.000 urteko tartean teknologia berarekin egindako beste batzuk ere topatu dituzte. Arkeologoen esanean, horrek erakusten du, teknologia sortzeko gaitasuna ez ezik, teknologia hori belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eta iraunarazteko ahalmena ere izan zutela.

Artikuluaren arabera, xafla horiek egiteko prozesua nahiko konplexua da, eta sei pausotan azal daiteke: harri-puskak hartzea eta garraiatzea; sua egiteko egurra biltzea; harria sutan tratatzea; harriaren muina presatzea; ezpalak lortzea; ezpalak lantzea, itxura egokia emateko.

Arkeologoek uste osoa dute xafla horiek gezien muturrean jartzeko erabili zituztela. Hortaz, ezpal horiek makilen muturretan jartzeko eta arkuak eta geziak egiteko, beste pauso batzuk eman beharko zituzten. Gainera, material gehiago ere erabili beharko zuten, hala nola zuntzak eta erretxina. Hori guztia egiteak lana planifikatzea eta prozesua denboran zehar kontrolatzea eskatzen du. Arkeologoen iritziz, ezaugarri horiek garun garaikidearen ezaugarriak ere badira.

Hain zuzen, gure espeziea gaitasun horiei esker hedatu eta gailendu zela adierazi dute arkeologoek artikuluaren amaieran. Izan ere, arma horiei esker, urrutitik ehizatzeko aukera izango zuten, eta pertsonen arteko borroketan zauri gutxiago jasoko zituzten. Are gehiago, Afrikatik atera eta neandertalekin topo egin zutenean, arma horiek gako izango zirela ere aipatu dute, neandertalek lantzak baino ez baitzituzten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia