}

Drogaren aurkako borrokaren albo-ondorioak

2001/03/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain dela gutxi, Estatu Batuetako gobernua Kolonbian egiten ari den drogaren aurkako borroka ingurugiroa eta herritarren osasuna kaltetzen ari dela salatu dute herrialde horretako lau agintarik Washington-en.

Joan den udan Estatu Batuetako gobernuak 1.300 milioiko diru-laguntza onartu zuen Kolonbiako koka-sailak suntsitzeko eta, ordutik, Kolonbiako armadak Kolonbiako hegoaldeko eremu zabalak airetik fumigatzeari ekin dio. Erabilitako herbizidak glifosatoa du eta bere helburua koka-landareak dira, hau da, kokainaren lehengaia. Kolonbiako armadaren arabera, urtero landatzen diren 295 mila akreetatik, otsaila bitartean, 75 mila suntsitu dituzte.

Baina, Estatu Batuetako Estatu Departamentuak herbizida hori segurua dela esaten duen arren, beren herrialdean erabiltzen ez diren bi substantzia ditu osagaien artean. Aurka daudenek diotenez, ordea, herbizidak ez du kokaren gaineko eragina bakarrik, bizirauteko behar dituzten laboreak ere deuseztatzen ditu, besteak beste, jukarenak eta artoarenak. Era berean, landare basatiak desagertarazi eta hegaztiak, ugaztunak eta uretako bizidunak hiltzen ditu, Amazoniako oreka hauskorra mehatxatuz.

Gizakiek ere somatu dute herbiziden eragina eta abenduaren 22an kanpaina hasi zenetik, okadak eta azaleko legenak direla eta kexak % 60 ugaritu dira Putumayon (Kolonbiaren hegoaldean Amazonasen dagoen eremua). Horrekin batera, azaleko, begietako, arnas- eta digestio-aparatuko gaitzak azaldu dira.

Ikerlari batzuen ustez, glifosatoaren kalteak epe motzean beste herbizida batzuenak bezain larriak ez izan arren, albo-ondorioak epe luzean azalduko dira ekosisteman. Glifosatoaren eragin kaltegarriak frogatu dira mikroorganismoetan, ugaztunetan, uretako bizidunetan eta ornogabeetan. Kasu honetan arazoa are larriagoa da, Ekuador eta Brasilera doazen Amazoniako ibaien ondoko lurretan daudelako koka-sailak.

Kolonbiako agintariek fumigazio-kanpaina gelditzea eta gizarte-egitasmoak abiaraztea eskatzen dute. Izan ere, droga-trafikoaren katean ahulenak nekazariak dira eta beste aukerarik eskaintzen ez zaielako landatzen dute koka. Horregatik, nekazariek labore legalak landa ditzaten bideratu beharko lirateke diru-laguntzak. Orain, aldiz, nekazariak oihanera bultzatzen ari dira, basoak garbitu eta koka-sail berriak landatu ahal izateko, hori baita beren bizimodu bakarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia