}

Dozena bat zulo beltz txiki, gure galaxiako zulo beltz erraldoiaren inguruan

2018/04/11 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

dozena-bat-zulo-beltz-txiki-gure-galaxiako-zulo-be
Arg. NASA/CXC/SAO

Esne Bidearen erdian eta Lurretik 25.000 argi-urtera dagoen zulo beltz erraldoiaren inguruan, dozena bat zulo beltz txiki detektatu ditu Columbiako Unibertsitateko (AEB) astronomo-talde batek. Zulo beltzek igorritako X izpiak neurtuz jakin dute, Chandra Behatokiak 12 urtez egindako 1,4 milioi behaketa aztertuta.

X izpiak nano zuriek eta baita galaxiaren erdiguneko gasak eta hautsak berak ere igortzen dituztenez, zaila da zulo beltz txikiek igorritako X izpiak haietatik bereiztea. Hori da orain arte zulo beltzok gure begietara ezkutuan mantendu izanaren arrazoia. Baina, datu berriak ikusita, gure galaxiaren zulo beltz erraldoiaren inguruan beste 10.000-20.0000 zulo beltz txiki egon daitezkeela iradoki dute ikertzaileek. Izan ere, hango gas- eta hauts-haloa oso egokia baita izar masiboak jaiotzeko, gerora hil eta zulo beltz bihur litezkeenak.

Aurkitutako zulo beltz txikiak izar baten eta zulo beltz baten sistema binarioak direla ikusi dute, eta bikote horretan, zulo beltza izarrari materia lapurtuz doala uste dute astronomoek. Ikerketa honek galaxien sorrera eta eboluzioa ulertzeko gako izan daitekeen hipotesi zahar bat baieztatzeko balioko du, hark aurreikusi baitzuen galaxia handietako zulo beltz supermasiboen inguruan milaka zulo beltz txiki elkar bizitzeko aukera. Hemendik aurrera, zulo beltz erraldoiaren eta txikiagoen arteko interakzioa aztertzeko aukera izango dute. Lanaren egileek gogoratu dute gure galaxia dela hori aztertzeko laborategi bakarra, besteak urrutiegi daudelakoan. Nature aldizkarian argitaratu dute artikulua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia