}

Dopamina eta Parkinsonen gaixotasuna

2001/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Parkinsonen gaixotasunaren ezaugarri nabarmena muskuluen kontrol-eza da. Ezaugarri hori dopamina izeneko konposatuaren eskasiak sortzen du; hain zuzen ere, substantzia hori sintetizatzen duten zelulak hiltzen direnean garatzen da gaixotasuna. Dena dela, zelula horiek zerk hiltzen dituen ez dakite zientzialariek.

Laborategian egindako proba batzuetan ikusi da dopaminaren forma oxidatu batek lagun dezakeela zelula horiek kaltetzen dituen prozesuan. Pertsona osasuntsuetan forma hori ez da eratzen kantitate handian, dopamina oxidazioaren aurka babestuta dagoelako zitoplasman sintetizatzen denean. Horregatik, bi formen kontzentrazioak (oxidatua eta oxidatu gabea) orekatuta egoten dira. Baina Parkinsonen gaixotasunean oreka hori hautsi eta forma oxidatua nagusitu egiten da.

Eraldaketa horien mekanismoa ez da ezaguna, eta, beraz, ikerketa gehiago egin behar dira. Adituen arabera, egindako ikerketa hori, gainera, laborategian ez ezik, animaliekin ere egin behar da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia