}

Disko optiko ahaltsua

1994/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hamabi zentimetro diametroko disko bakarrean hamabi orduko filmearen edo bi milioi orrialdeko testuaren informazioa gorde daiteke IBM etxeak asmatu berri duen prozedura bati esker. Disko optiko geruzaanitza da asmakuntza berria eta Kaliforniako San Jose hiriko laborategietan prestatu dute. Gaur egun musikarako, bideorako, interakziozko disko konpaktuetarako eta abarretarako erabiltzen diren diskoek baino hamar aldiz gaitasun handiagoa du. Baina hori hasiera besterik ez da. Izan ere, Estatu Batuetako ikerlariek diotenez metaketa-ahalmen handi hori bikoiztea edo hirukoiztea laster eskueran egongo dela baitiote.

Hamabi zentimetro diametroko disko bakarrean hamabi orduko filmearen edo bi milioi orrialdeko testuaren informazioa gorde daiteke IBM etxeak asmatu berri duen prozedura bati esker. Disko optiko geruzaanitza da asmakuntza berria.
Argazkia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra

Asmakuntza berriaren funtsa oso sinplea da. Ohizko disko konpaktuetan informazioa diskoaren aurpegian erregistratzen da, baina disko berrian elkarren gainean kokatutako hamar geruza prestatu dira informazioa metatzeko. Orain arteko sisteman, laser izpiak lentetxoaren bidez diskoaren gainazalera enfokatuta puntu batean jotzen du eta fotodiodo batek isladatutako izpiaren intentsitatea neurtzen du, diskoan inskribatuta dauden datuen balioa jakiteko. Geruza anitzeko disko berrian ordea, mekanismo berezia dago laser-izpiak geruza desberdinetara fokalizatzeko.

Gero eta neurri txikiagoetan ahalik eta informazio gehiena metatu ahal izateko, orain arte erabilitako sistema datuak konprimatzea izan da. Soinuaren kasuan, adibidez, giza entzumenak jaso ditzakeen maiztasunak baino ez erregistratzea izan da bidea. Beste bide bat, datuak neurri estuago eta txikiagoan erregistratu eta gero urdineko laser izpiez irakurtzea izan daiteke, baina prozedura hori oraindik laborategian baizik ez da erabiltzen. IBMren disko geruzaanitza da, beraz, oraingoz abantaila guztiak dituena. Dena den, oraindik bidea hasi besterik ez da egin eta hemendik urtebete barru lehenbizi bi geruzako diskoa komertzializatzea espero dute. Oraingoz 4 edo 6 geruzako diskoa egiteak, oso garesti jotzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia