DIPC10: Molekula "basatiak", zehaztasunarekiko grina eta etorkizuneko "urrezko aroaren" iragarpena
2010/09/30 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Passion for Knowledge hitzaldi-sortaren hirugarren hitzordua izan zen atzo Kursaalen. Harrera beroa egin zitzaien, beste behin, DIPCren 10. urtemugara gonbidatutako hizlari entzutetsuei. Kubo aretoa jendez beteta, eta lau protagonista taula gainean: Dudley Herschbach kimikako Nobel sariduna, Theodor Hänsch eta Frank Wilczek fisikako Nobel saridunak eta Bernardo Atxaga euskaltzain eta idazlea.
Umoretsu ekin zion Dudley Herschbach ek (San Jose, Kalifornia, 1932) bere hitzaldiari. Aurkezpenerako prestatutako gardenkiekin arazo tekniko txiki batzuk tarteko, laster egin zuen aretoko pantailaren "bibrazioaren" eta bere hizketa-gaiaren arteko lotura. Mende honetan molekula "basatien" artean gertatzen den talka bakoitzaren dinamika sakonena ezagutarazteko egindako ibilbidea izan zuen hizpide. Berak "soinketa molekularra" deritzona izan zen gaztetan kimikariaren grina piztu zuena.
Yuan T. Lee-rekin batera, ikerketa kimikoan molekula-sorten teknika baliatzen hasi ziren lehenbiziko zientzialarietako bat izan zen Herschbach. Bidelagun izan dituen kimikarien ekarpenak gogorarazi ez ezik, hastapenetan zegoen tresneria-gabezia egungo egoerarekin alderatu zuen, adibidez. "Lorpenak poliki iritsi ziren, baina iritsi ziren. Eta, zorionez, gaur egun askoz xehetasun gehiagorekin ikus ditzakegu erreakzio kimikoak". Sorta supersonikoak, laserrari probetxu berezia ateratzen dioten teknika espektroskopikoak eta egungo hautemate-metodo oso sentikorren berri eman zuen, besteak beste. Ohiko kasu eta adibide praktiko batzuk azaldu, eta aurrera begirako erronkak aipatuz bukatu zuen bere hitzaldia.
Dudley Herschbach-en hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Theodor Hänsch (Heilderberg, Alemania, 1941) zehaztasunarekiko grinaz aritu zen. "Beste inork begiratu ez duen lekura begiratu behar zela esan zidan irakasle batek. Eta ni zorionekoa naiz, konturatu bainintzen niri laserrak ematen zidala aukera hura", azaldu zuen. Bada, 1970ean, oso bereizmen handiko argi-pultsuak sortzen dituen laser-mota bat asmatu zuen Hänschek. Eta 90eko hamarkadaren amaieran, laser argiaren maiztasuna zehaztasun handiagoz neurtzeko beste metodo berri baten sorkuntzan ere parte hartu zuen, optical frequency comb generator izeneko gailuaren bidez.
Bere ibilbide guztian motibazio nagusia jakin-mina izan duela azaldu zuen, eta pozarren eman zuen bere lorpenen berri. Azaldu zuen, adibidez, laser-orraziak espektroskopia molekularra goitik behera ari direla aldatzen, "eta mundu osoko laborategietan baliatzen dira, zenbait aplikaziorekin". Espektrografo astronomikoak kalibratzeko erabiliz gero, adibidez, urrutiko eguzki-sistemetan planeta batzuk bilatzea ahalbidetzen duela ere esan zuen.
Theodor Hänsch-en hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Bestalde, LHC azeleragailua izan zuen hizpide Frank Wilczek-ek (Mineola, New York, 1951). Txiste ugari baliatuta, konbentzimenduz nabarmendu zuen oinarrizko fisika prest dagoela datozen urteetan aurrerapauso handiak egiteko, eta hori lortzeko LHC "tresna benetan bikaina" dela esan zuen. Objektu fisiko gisa deskribatu zuen tresna, bai eta ingeniaritzako proiektu gisa ere.
Orain artean fisikan izan diren urrezko aroak gogorarazita, etorkizuneko aro berria LHCri esker etor litekeela uste du Wilczek-ek. Bere ustez, hain zuzen, fisikaren funtsezko legeetan ageri diren ideiek errealitatea modu egokian deskribatzen duten egiaztatzeko aukera eskainiko baitu. Multimediako aurkezpena izan zen berea, eta dibulgazio- eta komunikazio-gaitasun trebea agertu zuen zientzialariak.
Frank Wilczek-en hitzaldia.
(Bideoa: DIPC)
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia