}

Dinosauroen eboluzioa argitu nahian

2002/04/30 Elhuyar Zientzia

Bristolgo Unibertsitateko talde batek orain arte lortu den dinosauroen zuhaitz ebolutibo osatuena egin du. Dinosauroen lehen hezurrak aurkitu zituztenetik gaur egun arte 1.000 dinosauro-espezie baino gehiago identifikatu dira, baina horien arteko erlazio ebolutiboa zein den oraindik guztiz argitu gabe dagoen kontua da.

1980z geroztik 150 zuhaitz ebolutibo aurkeztu dira, betiere espezie-talde txikienak. Orain, Bristolgo Unibertsitateko taldeak zuhaitz txiki guztiak elkartu eta 277 dinosauro espezie elkarrekin erlazionatzea lortu dute superzuhaitz ebolutibo bakarrean.

Zientzialarien esanean, zuhaitza ez dago guztiz bukatua, baina orain arte plazaratu den zuhaitzik zehatzena eta osoena da. Haien ustez, superzuhaitz hori dinosauroen eboluzioa aztertzeko abiapuntu egokia izan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia