Dinosauroak desagertu zirenekoa
2008/06/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Nazioarteko talde batek azkeneko proposamena egin du: erregai fosilak erreta bakarrik sortzen diren hidrokarburo-pikor batzuk (zenosferak) aurkitu ditu dinosauroak desagertu ziren garaiko sedimentuetan. Horrek pentsarazi die agian eragileetako bat garai hartan gertatu zen erregai-sute handi bat izan zela.
Aldaketa handiko garaia
Gutxi gorabehera 160 milioi urtean, dinosauroak jaun eta jabe izan ziren Lurrean. Eta orain dela 65 milioi urte inguru desagertu ziren; antza denez, bat-batean. Animalia erraldoi haiekin batera, gainera, beste bizidun asko eta asko ere suntsitu ziren. Hain zuzen, Lurraren historian gertatu diren bost desagertze bortitzetako bat izan zela dirudi.
Erabat ziur ez badakite ere, ezin baitute denboran atzera egin gertatu zena ikusteko, zientzialari gehienek uste dute meteorito batek eragin zuela, neurri batean behintzat, desagertze hura. Lurraren leku askotan, iridio ugari duen geruza bat aurkitu zuten garai hartako sedimentuetan. Iridioa oso mineral urria da lurrazalean, eta, meteoritoetan, berriz, askoz ugariagoa. Hortaz, ondorioztatu zuten asteroide batek Lurraren kontra talka egin zuela. Talka non gertatu bide zen ere zehaztu zuten: Chicxulub-en, Mexikoko Yucatán penintsulan. Hain zuzen ere, 280 kilometroko diametroa duen krater bat aurkitu zuten han.
Dena den, aipatu bezala, zientzialariek ez dute uste meteoritoaren talka hutsa nahikoa bortitza izan zenik gertatu zen txikizioa eragiteko. Pentsatzen dute talkak beste hainbat gertakari piztu zituela, eta hainbat proposamen egin dituzte. Ustez gertatu zen fenomeno bat berotze globala izan zen. Talkatik atera zen beroak basoetan sute handiak eragin zituen, nonbait, eta sute haien ondorioz karbono dioxido asko askatu zen atmosferara. Atmosferan karbono dioxidoa pilatzeak klima berotu zuen, eta dinosauroek ezin izan zuten, antza, bero hura jasan.
Beste proposamen batek dio agian sute handi haiek kedar asko sortu zutela, eta kedarrak eguzki-argia estali zuela. Eguzki-argirik gabe Lurreko landarek hil ziren, eta, hala, dinosauroak elikagairik gabe gelditu ziren. Egia esan, azaldutakoa benetan gertatu izan balitz, eragina elikadura-kate osoan zabalduko zen, landareak elikadura-katearen oinarria baitira.
Beste aukera bat eskaintzen du zenosferak aurkitu dituen taldeak. Zenosferak eratzeko nahitaez erregai fosilak erre behar direnez, uste dute asteroideak jo zuen eremuan erregai fosilen erreserba handi bat zegoela (gaur egun ere badago). Talkaren ondorioz, lehenik erregaiak lurrundu egin ziren, eta, ondoren, atmosferan, su hartu zuten. Hala, erregai fosilen suzko bola handi bat eratu eta ehunka kilometroan zabaldu zen. Hain zuzen, mundu osoko 13 aztarnategi aztertu dituzte, eta bederatzitan aurkitu dituzte zenosferak. Gainera, bolatxook juxtu garai hartako sedimentuetan daude, ez lehenagokoetan, ez geroagokoetan.
Ez dakite suzko bolek dinosauroak akabatu ote zituzten (basoak erretzea, klima berotzea edo kedarrak eguzki-sua estaltzea eragin zutelako), baina garai hartan erregai fosilak erre zirela frogatu dute. Hori zen, hain zuzen, orain arte egindako proposamenekin zuten arazoa: basoak erre zirela jotzen dute, kedar-hondarrak ere aurkitu dituzte, baina kiskalitako oso landare gutxi aurkitu dituzte orduko sedimentuetan. Aurrerapauso bat, beraz, eman dute.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia