}

Dinosauro hegalariak txoriburuak ziren

2004/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenagailu bidezko tomografia erabilita, fosilaren garezurraren mila erradiografia aztertu dituzte.
BONNGO UNIB.

Ez, barka, hori ez da zuzena, baina bai txorien moduko garuna zutela. Hori adierazi dute, behintzat, Archaeopteryx -en garezurra ikertu dutenek.

Ordenagailu bidezko tomografia erabilita, fosilaren garezurraren mila erradiografia aztertu dituzte. Antza denez, ikusmenarekin eta mugimenduaren kontrolarekin lotutako guneek toki handia hartzen zuten garunean; hain juxtu, hegaztietan gertatzen den bezala. Gainera, Archaeopteryx -en barne-belarriaren egitura ere hegaztienaren antzekoa zen, baita garunaren eta gorputzaren neurrien arteko erlazioa ere. Ezaugarri horiek guztiak animalia hegalarietan bakarrik aurkitu dituzte; beraz, ikertzaileek uste dute Archaeopteryx -ek hegan egin zezakeela.

Orain arte, hegaztien eta narrastien ezaugarriak nahasian zituen espezie hori hegan egiteko gai ote zen zalantza zuten askok, baina, azken ikerketen arabera, baietz dirudi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia