}

Dinosauro-fosil gazteena

2011/08/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain arte aurkitu den dinosauro-fosil gazteena topatu dute Yale Unibertsitateko paleontologoek; aurkikuntzak dinosauroak galtzeari buruzko eztabaida berpiztu du. Izan ere, dinosauroen galera azaltzeko teoria onartuenaren arabera, asteroide baten talkak desagerrarazi zituen, duela 65 milioi urte. Alabaina, batzuen ustez, dinosauro lurtarrak galtzeko arriskuan zeuden ordurako, eta asteroidearen talkak akabera eman baino ez zuen egin.

Orain, fosila topatu dutenek esan dute haien aurkikuntzak sendotu egiten duela talkaren teoria. Fosila Triceratops edo Torosaurus baten adar marroi bat da, 45 zentimetrokoa, eta Montanan aurkitu dute, asteroidearen talka adierazten duen iridio-geruza baino 13 zentimetro beherago.

Argazki honetan garbi ikusten da iridio-geruza. Geruza hori asteroidearen talkaren adierazlea da.
(Argazkia: Eurico Zimbres)

Hain juxtu, talkaren teoriaren gakoa da iridio-geruza hori. Duela 65 milioi urteko jalkina da, eta oso da berezia, Lurrean ez baitago ia iridiorik. Alvarez aita-semeak ohartu ziren lehenik horretaz, eta haren jatorria estralurtarra izan behar zuela esan zuten. Adibidez, asteroide batek Lurraren aurka jota, edo... Gerora, inpaktu izugarri baten aztarnak topatu dituzten Yucatán penintsulan, eta, denborarekin, talka hura gertatu egin zela erakusten duten froga gehiago ere aurkitu izan dituzte.

Iridio-geruza horren gainetik (hau da, duela 65 milioitik hona) ez dagoenez dinosauroen fosilik, talkak izan behar zuen dinosauroak galdu izanaren eragilea, Alvareztarren ustez. Uste horrekin bat egin zuten Jan Smitek eta beste geologo eta paleontologo entzutetsuk, eta gaur egun hori da teoriarik onartuena.

Arazo bat zegoen, ordea: teoria proposatu zuten garaian, aurkitutako dinosauro-fosil gazteenak geruzatik 3 metro beherago topatu zituzten. Hau da, azken fosilaren eta talkaren artean 100.000 urteko tartea zegoen. Horren arabera, talka gertatu zenerako ez zen dinosaurorik geratzen Lurrean.

1991ean, irudio-geruzatik soilik 37 zentimetro beherago zegoen fosil bat aurkitu zuten Mexiko Berrian. Aurkikuntzak talkaren teoria indartu zuen, baina ez zen nahikoa izan teoriaren aurkariek iritziz aldatzeko. Oraingoa , berriz, iridio-geruzatik oso gertu topatu dute, 13 zentimetrora. Hortaz, ez dago zalantzarik: asteroideak Lurra jo zuenean, artean baziren dinosauroak. Gainera, ikertzaileek indusketak egiten jarraitzen dute, fosil gehiago aurkituko dituztelako itxaropenarekin.

Zumaiako altxorra

Aipatzekoa da paleontologoentzat hain baliagarria den iridio-geruzaren adibide ezagunenetako bat Zumaian dagoela, Itzurungo labarretan. Mundu osoko paleontologoak eta geologoak etortzen dira hura ikertzera, oso nabarmena eta garbia baita, eta erraz iristeko moduko leku batean baitago. Zientzialarientzat, K/T mugaren adierazlea da; alegia, Kretazeotik Tertziariorako aldaketa markatzen duen muga.

Horrez gain, Itzurungo labarretan badira geologiaren ikuspuntutik oso garrantzitsuak diren beste muga batzuk. Hain juxtu, bi garai-mugari estratotipo izendapena eman zieten iaz nazioarteko bi erakundek, ICS Estratigrafiaren Nazioarteko Batzordeak eta IUGS Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak. Horrek esan nahi du nazioartean erreferentziazkoak direla bi garaien arteko muga adierazteko.

Zehazki, Daniarra/Selandiarra eta Selandiarra/Thanetiarra dira estratotipo izendapena hartuko duten garai-mugak. Biak ere Paleozenoaren barrukoak dira. Lehenengoa, D/S, duela 61,1 milioi urtekoa da; itsas maila izugarri jaitsi izana da garai hartako gertaera geologiko aipagarriena. Bigarrena (S/T), berriz, duela 58,7 milioi urte izan zen, eta poloak alderantzikatu zirelako da garrantzitsua. Hori guztia aintzat hartuta, ez da harritzekoa Itzurun izatea Euskal Herriko leku kuttunena arlo horretan dabiltzan ikertzaileentzat.

GAUR8 gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia