Dinosaurioak berriro ere
1987/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kretazikotik Tertziariora iragatea markatu zuten suntsipen masiboak eztabaidagai izan dira zientzilarien artean eta teoria ugari sortu dute estintzio horien jatorriari buruz. Batzuk, jatorria Lurraren barnean zegoenaren aldekoak dira. Beste batzuk ordea, kanpo-faktoreak aipatzen dituzte. Lehenengo teoriek bulkanismoa aipatzen dute bereziki eta bigarrenek asteroideak eta hauts-hodeiak. Suntsipen masibo hauek berriki aztertu izan dira Indian eta datu berriak aurkitu dituzte barne-jatorriko teorien alde.
Aspalditik ezagutzen dituzte geologoek Deccan partea estaltzen duten basalto beltzak eta aipatutako azterketa honek basalto horien adina finkatu du. Lehenengo erupzio bolkanikoak, duela 66 milioi urte (± 2MU) inguruan jazo ziren; kretaziko-tertziario mugan alegia. Gertaera bolkaniko hau 500.000 mila urtez hedatu zen eta nahikoa da bizi-baldintza desegokiak sortzeko; euri azido moduan batez ere. Horregatik, eskualde horretan izandako estintzio masiboak azken 200 milioi urtetan jazo den hondamendi bolkanikorik handienaren ondorio izango lirateke.
Geofisikariek gehiago sakondu eta bulkanismoaren kausa ere azaltzen dute. Aditzera eman dutenez, ezagutzen diren suntsipen masiboko bi garai nagusienak, denbora luzez lurraren eremu magnetikoa alderantzikatu ez zeneko bi garaiei jarraitu zitzaien. Alderantzikatze ezaren arrazoia, Lurraren gunean gertatzen diren higiduren abiaduraren astiroagotzea izan zitekeen. Astiroagotze honek behe-mantuan tenperatuz anomalia eragingo luke eta hori gainazalean bulkanismo moduan nabarituko litzateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia