Dieta aldatzea, onuragarria klima, ingurumen eta osasunerako

Urduñako udala. CC BY-SA 2.0


Elikadura-sistema da jatorri antropogenikoa duten berotegi-gasen isurien heren baten eta uraren erabileraren % 80ren erantzulea, BC3 klima-aldaketari buruzko ikerketa-zentroaren arabera.

Hori aintzat hartuta, ikertzaileek aztertu dute nola eragingo zukeen dieta aldatzeak, landare-proteinetan oinarrituta eta haragi-kontsumoa murriztuz, ingurumenean, osasun publikoan eta gizarte ekonomian. Ondorioztatu dutenez, aldaketa eraginkorra izan dadin, plangintza eskualde-mailakoa izan behar du, testuinguru kulturalak eta ekonomikoak errespetatuz.

«dieta-aldaketak era berean hobetzen ditu egoera nutrizionala eta ekarpen kalorikoa, zein ingurumeneko eta klimarekiko aldagaiak»

Nature Food aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta baieztatu dute, eskualde batzuetan, dieta osasungarriaren alde egiteak % 30erainoko aurrezkia ekar dezakeela Parisko Hitzarmenaren helburu klimatikoak lortzeko arintze-kostuetan. Artikuluan horrela definitu dute dieta osasungarria: osasuna sustatzen duena, gaixotasunak prebenitzen dituena eta mantenugaiak bermatzen dituena.

1.298 agertoki

Ikerketan, 1.298 agertoki aztertu dituzte, eredu estatistiko aurreratuen bidez, trantsizio proteikoaren tipologiaren eta mailaren, zein inpaktu globalaren eta eskuladekoaren arabera sailkatuta. Ondorio nagusiek adierazten dutenez, dieta-aldaketak era berean hobetzen ditu egoera nutrizionala eta ekarpen kalorikoa, zein ingurumeneko eta klimarekiko aldagaiak.

Horren adibide da landare-proteinak eta animalia hausnarkarien (behiak, ahuntzak, ardiak) haragi-kontsumoa murriztea konbinatzen duten agertokiek basoberritzeetan duten inpaktua; bereziki, Afrikako ekitaldean.

«guztizko ur-erauzketak maila globalean egingo luke behera 2050erako, kasu guztietan»

Bestalde, ia agertoki guztietan kudeatu gabeko lurren hazkundea (baso naturalak, babestutako larreak, sastrakadiak) biodibertsitatearen hobekuntza globalarekin lotzen da. Halaber, guztizko ur-erauzketak maila globalean egingo luke behera 2050erako, kasu guztietan; nahiz eta, Ekialde Hurbilean, ur-eskasia areagotu egingo zitekeen landare-proteinen kontsumoaren agertokian, ureztatze intentsiboa eskatzen duten lekaleen eta fruitu lehorren esportazioaren ondorioz.

Agertoki guztiek laguntzen dute, gainera, klima-larrialdia arintzen. Berotegi-gasen isuriak murriztuko lirateke; baita airearen kalitatea okertzen duten kutsatzaileenak ere, eta horrek heriotza goiztiarrak ekiditea ekarriko luke. Alde horretatik, Argentina, Europa eta Ipar Amerika izango lirateke onurarik handiena jasoko zuketen eskualdeak.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali