}

Desagertutako lemurea

1990/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Desagertutzat jotzen zen lemur-mota bat aurkitu da Madagaskarren. Lemureari, belarri iletsuko lemure nano (Allocebus trichotis) deritzo. Alemaniako Bojum herrian dagoen Rur unibertsitateko Bernhard Meier biologoak aurkitu du. Beronek, duela bi urte Hepalemur aureus izeneko lemure-espezie berria aurkitu zuen.

Joan den urteko apirilean eginiko espedizio batean aurkitu zuen belarri iletsuko lemure nanoa, baina joan den abendura arte Unibertsitateak ez du aurkikuntzaren berri eman.

Belarri iletsuko lemure nanoa primateen arteko txikienetako bat da. Isats eta guzti 30 cm neurtzen ditu eta 80 g bakarrik pisatzen ditu.

Orain arte bost ale besterik ez ziren ezagutzen eta museotan gordetzen ziren. Horietako lau joan den mendean bildu ziren. Animaliaren bizimoduaz ez zen deus ere ezagutzen.

Meier-ek hiru ale aurkitu zituen (bi heldu eta gazte bat) Madagaskarreko ipar ekialdeko oihanean.

Naturan belarri iletsuko zenbat lemure nano dauden ez da ezagutzen. Alabaina, askorik ez dagoela uste da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia