}

Darwin, anisa eta autobusak

2009/02/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela berrehun urte, iraultzaile bat jaio zen. Ez zuen lider-izaerarik, ez zen sutsu borrokatu bere ideien alde, baina haren teoriak iraultza ekarri zuen. Garai hartan aurkari asko izan bazituen ere, gaur egun, zientzialariek ez dute zalantzan jartzen Darwinen eboluzioaren teoria, eta, zientzialariek ez ezik, jende askok egiten du bat harekin. Ez dute zalantzan jartzen "gizakia tximinotik" datorrela.

Horrelako zerbait esatea heresia zen garai hartan. Gizakia beste espezieen gainetik zegoela uste zuten; are gehiago, ateoek izan ezik, pentsamendu nagusia zen Jainkoak zuela toki horretan. Eta Darwinek hortik kendu eta beste espezieen artean kokatu zuen, tximinoen parean, gutxi gorabehera.

Dena den, esapidea ez da zuzena. Esatearen esateaz batzuek hitzez hitz hartzen badute ere, Darwinek ez zuen halakorik adierazi, beste hau baizik: bizidun-mota guztiek jatorri bera dutela, eta batzuk besteetatik eboluzionatu dutela, zuhaitz batetik adarrak sortzen diren bezala. Darwinen teoriaren arabera, tximinoak eta gizakiak arbaso komun bat izan zuten, arbaso hartatik eboluzionatutako bi adar dira.

El Mono anisaren ikurra Darwinengan eta haren teorian oinarrituta dago.
(Argazkia: Panoramio)

Neurri batean ez da harritzekoa ere nahaste edo gaizki-ulertu hori, hasieratik ulertu baitzuten batzuek horrela. Eta iraintzeko eta Darwin gutxiesteko ere erabili zuten ideia hori. Adibidez, Oxforden, Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Britainiarrean, Darwinen liburuari buruzko eztabaida bat egin zen. Hainbat ikertzailek eta elizgizon batzuek parte hartu zuten, eta mila entzule inguru bildu zituen. Hizlarietako bat Thomas Huxley biologoa zen, "Darwinen bulldog" ezizenarekin ezagutzen zena, eta hark gizakiaren eta tximinoaren arteko erlazioa azaldu zuenean, Oxfordeko apezpikuak galdetu zion ea zer zuen nahiago izatea bere aitona, gizon errespetagarri bat edo tximino bat.

Oso ezagunak dira kontu horrekin egin ziren karikaturak ere. Haietako batean, Darwinen burua eta tximino baten gorputza duen izaki bat azaltzen da. John Tennielek egin zuen, 1870ean, eta Darwin barregarri uztea zuen helburu.

Karikatura guztiek ez zuten helburu bera, ordea. 1872an, Vicente Bosch merkatari katalanak etiketa berriak eginarazi zituen saltzen zuen anisarentzat. Etiketa haietan, giza-tximu bat azaltzen zen, eskuetan pergamino bat zuela, eta hauxe jartzen zuen pergaminoan: "Onena da. Zientziak esan zuen eta nik ez dut gezurrik esaten. Charles Darwinek Espezieen jatorriaz liburuarekin 1859an argitaratu zuena da zientzia hori". Bai, El Mono izena zuen anis hark, eta oraindik ere izen horrekin eta etiketa horrekin saltzen da.

Jainkoaren beharrik gabe

Espezie guztiek jatorri bera dutela adierazteak bezainbesteko eztabaida sortu zuen Darwinek hori azaltzeko inolako jainkoren beharrik ez izateak. Hain juxtu, horixe izan zen Darwinen ekarpen handienetako bat: espezieek nola eboluzionatzen duten azaltzeko mekanismo bat proposatu zuen, hautespen naturala. Horren arabera, ingurura ondoen egokitzen diren banakoek besteek baino aukera gehiago dituzte ugaltzeko. Hala, belaunaldiz belaunaldi, inguru jakin batean moldatzeko ezaugarri aproposak dituztenak gailentzen dira, eta besteak galdu egiten dira.

Darwinek ideia hori aurkeztu zuenean, genetika hastapenetan zegoen. Baina gero garapen handia izan zuen, eta genetistek mutazioak zeudela ikusi zuten, eta konturatu ziren eboluzioan eta espezie berrien sorreran sekulako garrantzia zuela fenomeno hark. Horren ondorioz, hautespen naturalaren ideia baztertuta egon zen urte batzuetan, harik eta horrek ere eboluzioan eragiten zuela frogatu zuten arte.

Edozein modutara, Darwinek aurkeztu zuenean ez zuten baztertu arrazoi zientifikoetan oinarrituta, baizik eta jainkoaren parte-hartzea ukatzen zuelako. Eta ez da harritzekoa; gaur egun ere, ikusi besterik ez dago zer zalaparta sortu den autobus batzuetan iragarki ateoak jarri dituztela eta. Zer pentsatuko zukeen Darwinek horri buruz

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia