}

DAB Datorren Audio Berria

2000/08/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Orain arteko irrati-sistemak, bai FM eta bai AM, era guztietako interferentzien menpe bizi izan dira. DAB sistemarekin amaitu dira horrelako arazoak. Azken belaunaldiko irrati-teknologiaz ari gara: irrati digitalaz. Honekin CD kalitateko seinalea, erabilera anitza eta interferentziarik gabeko emisioa lortzen da.

Artikulu honen tituluan agertzen den hitz-jokoari kasu egiten badiogu, berehala datorkigun teknologia berriaz (beste bat) ari garela konturatuko gara. Digital Audio Broadcasting edo audio digitaleko irratia hilabete honetan jarriko da abian eta epe ertainean mundu osora zabalduko da. Orain dela bizpahiru urte hasi ziren probak egiten mundu osoan eta gaur egun gutxi gorabehera 230 milioi pertsonak jasotzen dute bere seinalea, baina orain hasi eta 2006. urtea bitartean jarriko da guztiz indarrean.

Baina zer da DAB delakoa? Hainbat eratan zabal daitekeen irrati digitala da: emisioa bai satelitez, bai kablez izan daiteke eta, beraz, ez du inolako interferentziarik jasaten, ezta autoan goazenean ere. Hori ez ezik, audioaren kalitatea primerakoa da; betiko antena arruntarekin CD kalitatezko soinua jasoko dugu. Baina horiek ez dira DABk eskaintzen dituen berrikuntza nagusiak: bere berritasun nagusia bestelako informazioa erakusteko ahalmen eta interaktibitatean datza.

Irrati elkarreragilea

Irrati digitalak, soinua bakarrik ez, testua eta irudiak ere bidal ditzake gure etxe edo autoetako irratietaraino. Horrela, gure aparatuetan bestelako informazioa ere jaso dezakegu: eguraldiaren iragarpena, trafikoaren egoera edo egunkarietako azken berriak irakur ditzakegu autoko irratian; baita entzuten ari garen abestiaren hitzak edo bestelako informazioa ere. Azkenik, Internet-eko edukia ere atzitu ahal izango dugu gure irratitik zuzenean.

Baina gure irratia irrati arrunt bezala erabili nahi badugu ere, baditu hobekuntzak: DAB irratia erabiliz, ez dugu entzun nahi dugun irratia bilatzen jardun beharko, pantailako menuan agertuko baitzaigu une horretan entzun daitezkeen irratien zerrenda eta entzuten hasteko nahikoa izango da entzun nahi duguna hautatzea. Interaktibitatea egiazko aukera denez, hasi dira pentsatzen etekin komertziala zein izan daitekeen: erabiltzaileak bere gustura hautatutako irrati-programak, etab., ordaindutako zerbitzuak horiek guztiak noski!

Irrati eta antzeko tresnen ekoizle nagusiak hasiak dira jadanik teknologia hori onartzen duten aparatuak egiten. Dagoeneko gama osoa daukagu: etxerako irratiak, autorako irratiak eta baita walkman modukoak ere.

Euskal Herrian noiz?

1998ko apirilean hasi ziren Estatuan DAB teknologiaren lehen saiakuntzak egiten. Saiakuntza horiek Madril, Bartzelona eta Valentzian egin ziren eta gaur egun, Donostia eta Gasteizera ere zabaldu dituzte. Beraz Hego Euskal Herriko zati batean badugula DAB irratien erabilera esan daiteke, nahiz eta era horretako emisioak egingo dituen irratirik oraindik ez egon. Lizentziak hamar konpainiari eman dizkiete eta datorren urteko ekainerako hasi behar dira emisioak. Ordurako Estatuko populazioaren % 50era iristea espero dute eta 2006. urterako % 80ra. Frantzian, aurreratuagoak dabiltza, baina oraindik ez dira Iparraldera iritsi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia