}

CD-ROM: Edukiera erraldoia duen disko txikia

1988/12/01 Sagarna, Andoni - Ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ordenadore pertsonaletarako informazio-metagailu iraultzailea dugu CD-ROM (Compact Disk-Read Only Memory) delako hau. Musikako Compact Disk-en itxura eta tamaina berbera ditu. Izan ere honen "ume" bait da.

Informazioa behin-betirako grabatua du eta ezin da inola ere ezabatu. Edukiera berriz 550 Mb-ekoa du. Informatikan erabiltzen den unitate honek zer esan nahi duen ez dakienarentzat esan dezagun 150.000 orrialde inprimatu, lerrozko 15.000 irudi edo 2.000 irudi koloretako, kalitate onean, edukitzeko adina leku dela hori. Informazioa konprimatzeko teknika berriez baliatuz, 128.000 irudi edo 60 minutuko bideo bat sar daitezke CD-ROM batean.

Ezaba eta berridatz ez daitekeenez, aldaketarik behar ez duten fitxategi handientzat da egokia euskarri hau. Informazioa honela gordetzen eta irakurtzen da:

Diskoen gainazalean egindako zulo txiki-txiki batzuen forma hartzen du informazioak. Informazio hau irakurtzen duen buruak laser izpi bat igortzen du diskoaren gainazalera. Zulo batean isladatu ondoren burura itzultzen den izpia barreiatu egiten da eta oso argi ahula jasotzen du irakurketa-sistemak. Zulorik ez dagoen lekuan isladatutako izpia, aldiz, zuzenean eta osorik heltzen da irakurketa-sistemara.

Printzipio honek disko magnetikoetan erabiltzen denak baino distantzia handiagoak onartzen ditu buruaren eta diskoaren gainean. Horri esker nekezago agertuko dira disko hauetan urradurak eta kalteak. Gainera, geruza garden batek babesten ditu diskoak, eta honen gainean gera litezkeen hauts-izpiak eta arrasto txikiak irakurgailuak ez ditu aintzakotzat hartzen.

Disko berberean gorde daitezke batera ordenadore-programak, datu-fitxategiak, zuri-beltzeko edo koloretako irudiak, marrazki bizidunak, soinu estereofonikoa, bideoa, etab.

Behin disko originala prestatuz gero, eta egile-eskubideen kostua alde batera utzita, disko bakoitza 1.700 eta 2.700 pta. artean kostatzen da. Nolanahi ere, beste edozein euskarritan jarrita baino merkeagoa da disko hauetan jarritako informazioa.

CD-ROM bat prestatzeko erabiltzen den informazio guztia, hala nola, formatu desberdinetako ordenadore-fitxategiak, irudi digitalizatuak, audio eta bideo motako informazioa, fitxategi-egitura erkide batean jarri behar da. Formateatzeko garaian fitxategi bakoitzaren izena, tamaina eta kokapena erabiltzen dira hura markatzeko, gero irakurketa-unitateak identifika dezan.

Informazio horrekin datu-base bat prestatu nahi baldin bada, beste zenbait eragiketa burutu behar da oraindik:

  • Indexazioa: CD-ROMean aurkitzen diren datuen posizioak zerrenda batean jartzea eta bilaketa errazteko diskoan bertan gordetzea.
  • Informazioa konprimatzea: Informazioak leku gutxiago behar izan dezan. Batez ere irudiak gordetzeko oso inportantea da eragiketa hau. Egin dezagun kontu scanner baten bidez jasotako irudiak direla. Aparatuaren bereizmena 200 dpi (puntu/hazbete)koa baldin bada, esate baterako, hazbete karratu bateko informazioak 40.000 bit beharko ditu. Gerta daiteke, ordea, eskualde hori guztiz zuria izatea, kasurik onenean, eta orduan informazio hori gordetzeko ez dago hainbeste bitez baliatu beharrik.
  • Diskoan informazioa eskualdeka banatzea, bilaketa lasterragoa izan dadin.
  • Informazioa babestea, hori beharrezkoa den kasuetan.

Zalantzarik gabe disko honek gure ohiturak asko aldatuko ditu luzaro gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia