Cavendish, Henry
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1731-1810)
Kimikari ingeles honek Nizan ikusi zuen argia 1731 ko urrian. Bere amaren osasun-egoera txarra zela eta, bertan eman zituen Henry gazteak bere bizialdiko lehen bi urteak, ama hil eta aitarekin Londresera itzuli zen arte. Familia noble eta aberats batean sortua zen Cavendish eta horri esker, ikerketari emanda bizi ahal izan zuen.
Ikasketak Cambridge-ko Unibertsitatean egin zituen. Alabaina, karrera amaitu gabe, ikasketak utzi eta Londresko etxera itzuli zen. Cavendish gaztea izan ere, lotsatia baitzen oso. Irakasleen galderen aurrean, mutu geratzen zen eta horrela ez zegoen azterketak gainditzeko modurik. Bakarrizketarako joera erakusten hasi zen orduan eta bere bizialdi osoan gorde zuen ohitura hori. Bere buruarekin ezik, ez zuen beste inorekin hitz egiten eta heriok eraman zuen arte bakarrik bizi izan zela esan daiteke. Hori dela eta, bere ikerketen berri oso berandu heldu zitzaigun, Maxwell-ek Cavendishen eskuizkribuak bildu eta argitara eman zituen arte, hain zuzen.
1776an Cavendishek metalak eta azidoen arteko erreakzioak eginez lortutako gasaren berri eman zuen. Egia esan, Boylek eta Halesek ordurako egina zuten esperimentu hori, baina Cavendish izan zen gas barren ezaugarriak sistematikoki aztertu zituen lehena. Hori dela eta Cavendishek asmatua dela esan ohi da. Gas horri Lavoisierrek hidrogeno izena eman zion. 1780 eta 1790 urte bitartean, gasaren portaera aztertu zuen Cavendishek. Besteak beste, erreketaren ondoren gas hori ur bihurtzen zela ikusi zuen. Ura, beraz, bi gasen arteko nahasketa zen eta ez, ordurarte uste izan zenaren kontra, substantzia bakarra.
Horrez gain, gasen bolumena neurtuz bere dentsitatea zehazteko lehen esperimentuak ere ikerlari honi zor zaizkio. 1785ean nitrogenoa-ren eta oxigenoaren arteko nahasketak eragin zituen eta hortik sortuta-ko azidoa uretan disolbatu zuen. Nitrogeno gehiago gehitu zion nahasketa horri, oxigenoa erabat desagertarazteko asmoz. Halo ere, beti geratzen zen nahastezina zirudien gas kantitate txiki bat. Argon gasa zen hori, 100 urte geroago Ramsay-k baieztatu zuenez.
1798an tortsio-balantza erabiliz lurraren batezbesteko dentsitatea neurtu egin zuen. Newtonen grabitazio-legearen arabera, Lurraren eta edozein objekturen arteko erakarpen-indarraren bidez kalkula zitekeen Lurraren batezbesteko dentsitatea, baina horretarako, G konstantea argitu beharra zegoen. Bi objektuen arteko ekarpen-indarra ezagutuz gero, G konstantea teorikoki kalkula zitekeen. Horri emana eman zituen Cavendishek hurrengo urteak. Tortsio-balantza erabili zuten, ardatza-ren muturretan pisu bereko metalezko bolatxoak ipiniz. Bolatxo horien pisua aldatuz, tortsio-balantzaren ardatza okertu egiten zen, okerdura hori zelarik bi bolatxoen arteko ekarpen-indarraren neurria. Bi bolatxo-en masa eta distantzia ezagutzen zituenez, Newtonen ekuazioa erabili zuen Lurraren masa kalkulatzeko. Geroztik esperimentu horrek Cavendishen izena darama.
Bere bizialdian lagun bakarra izan zuen zientziak lagundu zion Cavendishi heriotzaraino. 1810.ean zendu zen Londresen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia