C bitaminaren ontasuna kolokan
2001/06/15 Elhuyar Zientzia
Aspalditik ezagutzen dira C bitaminak osasunean eragiten dituen mesedeak, besteak beste, ADNa zenbait eragin kaltegarritatik babesten duelako. Science aldizkarian argitaratu den artikulu batek dioenez, ordea, C bitaminak albo-ondorio kaltegarriak sortzen ditu ADNan.
C eta E bitamina antioxidatzaileak, hainbat minbiziekin erlazionatutako erradikal askeen aurka eragiten dutela eta, minbizia prebenitzeko onuragarriak direla esan ohi da. Hala ere, gizakiekin egindako proba klinikoetan, ez da frogatu antioxidatzaileen gehigarriek minbizia prebenitzen dutenik. Orain, Pennsylvaniako Unibertsitateko Ian Blair-ek zergatia azaldu du.
Erradikal askeak suntsitzean, C bitamina ere erradikal bihurtzen da. Inguruan metal-ioiak egonez gero, lipido batzuk genotoxina bihurtzeko gaitasuna du, eta genotoxina horiek ADNa kodetzea oztopatzen dute. Hala ere, giza odolean metal-ioiak egotea ez da oso arrunta.
Dena dela, pertsona osasuntsuetan ere ikusi da genotoxinek kaltetutako ADNa. Beraz, Blairrek eta bere taldekideek C bitaminak berak bakarrik kaltea eragiteko gaitasuna baduen ikertu dute. Metal-ioirik gabeko soluzioekin egin dute lan eta 200 mg C bitaminak genotoxinak sortzea eragiten duela ikusi dute.
Hala ere, ez dakite C bitaminak soilik zenbaterainoko kaltea sor dezakeen, erabilitako C bitaminaren kontzentrazioa giza odolean egoten dena baino askoz handiagoa ez den arren, oso jende gutxik duelako lipido horien maila altua. Baina ikerketak minbiziaren inguruko hainbat alderdi argitzeko balio du, adibidez, zergatik sortzen diren genotoxinak metal-ioiak hain arraroak izanik. Erantzunak C bitaminarekin zerikusia duela jakin da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia