Burruntzia, putzuko erregea
2008/03/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Udaberria iritsi da, putzua berpizten hasia da , eta burruntziak bere jabegoa berreskuratu behar du. Neguan ez da agerian egon, burruntziaren ninfa uretan bizi izan da. Ornogabez eta ornodun txikiz elikatu da; eta gorputza egun handirako prestatzen joan zaio. Inguruko baldintzak egokiak direnean, atera egingo da uretatik. Adar batean gora igoko da, eta orain itsatsita daukan azala maskor zahar baten gisan geratuko da, hutsik; handik jaioko da burruntzi hegalduna, gorputz sendo eta hego handiz jantzitako intsektu dotorea.
Eguneko lehenengo eguzki-printzekin hegoak zabaldu eta hegan egiteko prestatzen da. Motorra berotzeko pizten den helikoptero baten antzera, hegoak dardarka jartzen ditu, ondo lehortu eta muskuluak hegan egiteko punttuan jartzeko. Une erabakigarria da; lehenbailehen egin behar du hegan lurralde onena hartzeko.
Burruntzi arrarentzat premiazkoa da lurraldea baten jabe izatea, putzuko erregea izatea; horrela, helduaroko bi helburu nagusiak bete ahal izango ditu: indarrak hartzeko, ahalik eta lasterren eta gehien elikatu behar du, eta ondoren ugaltzen saiatuko da. Ez du lan erraza izango: beste ar batzuekin lehiatuko da, eta emeak ere ez dizkio gauzak erraztuko. Putzuko erregeak indarra erabiliko du, ordea: isatsean dituen bi gako-pareekin buruaren atzealdetik helduko dio emeari, eta hark gorputza arraren toraxera okertutakoan, estali egingo du.
Bizitzeko borroka
Borroka eguneroko kontua izango da errege den artean, eta gogorra izan behar du, lurraldeari eutsiko badio. Izan ere, ez da aintzirako burruntzi ar bakarra. Ingurura begiratuta, bere espezieko zein beste espezie batzuetako burruntzi mordoa ikusten du. Horiekin guztiekin lehiatu beharko da, bizitzaren alde gordinena eta krudelena ezagutuko du; baina ez dauka beste aukerarik, aurrera egin nahi badu. Inguratzen diren guztiak uxatzeko esaten dio senak.
Burruntzia ondo prestatuta dago datorrenerako. Baraila sendoak ditu, ikusmen zorrotza, eta hegan egiteko potentzia handiko makineria. Torax sendoa du, muskulu bikainez hornitua, eta, horiei lotuta, burruntziaren arma nagusia: hegoak. Lau hego ditu, handiak eta distiratsuak.
Bada, hego bakoitza bere aldetik mugi dezake burruntziak. Eta horrek ikaragarrizko maniobra-gaitasuna ematen dio. Ez dira munduan bi egongo halako erraztasuna dutenak airean atzera eta aurrera egiteko, gora eta behera, ezkerrera eta eskuinera... are gehiago, geldi ere gera daiteke, airean esekita bezala. Trebea izanagatik ez pentsa motela denik, ezta gutxiago ere; burruntzi-espezie batzuek ia 60 km/h abiadura hartzen dute. Hortaz, pentsa zer aukera gutxi duten harrapakinek gerrarako prestatutako hegazkin horren aurrean.
Burruntziak oso erraz hartzen du abiadura, denbora gutxian. Hegoetan dituen egitura batzuei zor die gehienbat hori. Egitura horiek pterostigmak dira; hego bakoitzean bana du, erdialdean edo ertzean, espeziearen arabera. Pterostigma kontrapisu baten antzekoa da, eta hegaldia egonkortzeko funtzioa du; makinetako orekagailuen antzekoa da.
Dena dela, hegoaren egiturak berak ere badu zeresana burruntziaren hegaldian. Izan ere, hegoa ez da erabat laua: zaineria zabal batek zeharkatzen du, eta zainen arteko mintza ez da laua, erliebea du. Erliebe horri esker, hegan egiten duenean turbulentziak sortzen dira hegoen azalean, eta turbulentzia horiek lagungarri zaizkio hegaldiari.
Misterio apur bat
Burruntziaren hegaldia eta ehiza-teknika nahiko konplexuak dira, eta, dirudienez, oraindik azalpenik ez duten hainbat trebezia ditu burruntziak. Esate baterako, burruntzi arra gai da eme bati, ar lehiakide bati edo harrapakin bati hurbiltzeko, horiek ohartu ere egin gabe. Izan ere, jazarriak (beste burruntzia edo harrapakina) geldi dagoen objektu baten irudia ikusten du, hau da, erasotzailea erretinan posizio berean dago, errealitatean abian datorren arren. Konturatzen denerako, ordea, beranduegi da: erasotzailea gainean du.
Abildade ikaragarria behar da hori egiteko harrapakina edo beste burruntzia geldi dagoela. Baina burruntzi arraren trebezia haratago doa; izan ere, jazarria hegan badoa ere, horren araberako ibilbide bat hartuko du burruntzi erasotzaileak, eta jazarriari leku berean jarraitzen duela irudituko zaio.
Jazarpen-mota horri higidura-kamuflaje esaten zaio, oso konplexua da --ikusten denez--, eta beste intsektu batzuek ere erabiltzen omen dute. Auskalo noiztik erabiltzen duten teknika hori burruntzi-espezie batzuetako arrek; eta, hala ere, ez gara ohartuko. Ikertzaileek teknika horretan erreparatu zutela ere ez da denbora asko --burruntziaren kasuan, hamarkada bat ere ez da igaro higidura-kamuflajea deskubritu zutenetik--. Eta, gaur egun, teknologia aurreratuenak behar dira higidura-kamuflajea ikertzeko, abiadura handiko kamerak eta eredu konputazionalak, besteak beste.
Burruntziaren bizitza ere abiada bizian joango zaizu. Egun gutxi batzuez baino ez da izango putzuko erregea. Denboraren joanak zahartu egin du, hamaika borrokaldi izan ditu, eta beste hainbeste maitasun-istorio. Duela egun batzuetako sasoia joan da, eta nekatuta dago. Atzetik belaunaldi berriak ditu bultzaka; burruntzi ar gazteek egiten dioten presioa geroz eta handiagoa da, eta, halako batean, amorerik emango ez duen arren, borrokaldi batean ziplo eroriko da. Hori da erregearen patua.
Hala ere, putzuak bizirik jarraituko du; errege eroria jaio zenean bezala, bizitzaz borborka dago. Lekua kendu dion printzeak lurraldea errege eroriak bezain ongi zainduko du: beste arrak uxatzen pasatuko du eguna, ehizan egingo du, eta pasean dauden emeak gakoekin harrapatu eta estali egingo ditu, haiek putzuan arrautzak errun ditzaten. Negua iritsitakoan, lasaitasuna nagusituko da, itxuraz behintzat; izan ere, ikusiko ez ditugun arren, uretan ninfak hazi eta hazi ariko dira, udaberria heltzen denerako prestatzen.
Agur, putzu maite
Tamalez, artikulu honetako burruntziak bizi ziren putzua gure irudimenean baino ez dago. Izan zen noizbait; izatez, Gipuzkoako Alegia inguruan zegoen, eta joan den irailean suntsitu zuten hondeatzeko makinek, industrialde bat egiteko.
Putzu hartan zeuden burruntzien belaunaldi berrien ninfak --Gipuzkoan katalogatuta dauden 36 espezieetatik 29, alajaina--, tartean errege eroriaren eta ondoren etorri zirenen ondorengoak. Baina aurtengo udaberrian eta udan ez dira burruntzi gazteak jaioko. Alegiak, eta munduak, bizitzaz betetako erreinu txiki bat galdu dute.
Dena dela, zorionekoak izan gara: putzu haren berri zuten lagun gutxietako baten oroitzapenei eta kamerari esker, erreinu hura ezagutu dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia