}

Burbuilaren barruko plasma

2005/03/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Teoriaren arabera, gas-burbuila bat kolapsatzen denean, barruan plasma sortzen da. Plasma izarrarteko espazioan eta hainbat izarren azalean dagoen gas oso-oso beroa da, eta burbuilak kolapsaraziz sortu nahi zuten ikertzaileek.

Alabaina, hori lortzea ez da inondik inora erraza. Ikertzaileek soniluminiszentziaren bidea probatu zuten, likido bateko burbuilak soinu-uhinez bonbardatuz. Burbuilek orduan igortzen zuten argia neurtu nahi zuten ikertzaileek, zenbateko tenperatura hartzen zuten ikusteko. Arazo bat zuten, ordea: ezin zuten burbuila bat bakarrik aztertu, batek igorritako argia ahulegia zelako neurtu ahal izateko.

Orain, baina, AEBetako Illinoisko Unibertsitatean, esperimentu berezi bat egin dute. Azido sulfurikoz betetako ontzi batean xenon eta argonezko burbuilak sortu eta, segidan, ultrasoinu-uhinez bonbardatu dituzte. Orduan igorri duten distira begi hutsez ikusteko modukoa izan da, ikaragarria, beraz.

Kolapsatutako burbuila horien tenperatura 20.000 Kelvin ingurukoa da, hau da, Eguzkiaren azala baino lau aldiz altuagoa. Horrek esan nahi du burbuilen barruan plasma dagoela. Ikerketa oso garrantzitsua da, fusio nuklearrean aurreratzeko balio baitu.