}

Bularreko minbizi-zelulen metabolismoa aldatzen duen proteina bat aurkitu dute

2011/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bularreko minbizi-zelulen metabolismoa aldatzen duen proteina bat aurkitu dute
2011/05/01 | Elhuyar
CIC bioGUNEko Arkaitz Carracedo. Arg.: CIC bioGUNE.

Minbizia, eta, bereziki, bularreko minbizia, garatzea zerk eragiten duen ezagutzeko bidean aurrerapauso bat eman dute martxoan Cancer Cell aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Izan ere, ikusi dute proteina jakin bat, SIRT 3 delakoa, zeluletan maila txikian egoteak edo haren gabezia izateak gaixotasunak aurrera egitea eragiten duela. Harvard Mediku Eskolako Marcia Haigis doktorea izan da ikerketako burua, eta, besteak beste, Arkaitz Carracedo doktorea izan du lagun, CIC bioGUNEko Proteomika Laborategiko ikertzailea.

Zientzialarien helburu nagusietako bat da zelula normalek eta minbizi-zelulek desberdin dituzten ezaugarriak identifikatzea, ondoren, zelula aberranteak suntsitu eta zelula normaletan eraginik ez duten terapiak garatzeko. Orain dela 100 urte, Otto Warburg ikertzaileak ikusi zuen tumore-zelulek metabolismo berezia dutela, desberdina. Haren ustez, minbizi-zelulek ez dituzte energia sortzeko erabiltzen elikagaiak, biomasa eta zelula gehiago sortzeko baizik, hau da, zatitzeko, ugaltzeko eta abarrerako. "Azkeneko urteetan hobeki ulertu dugu fenomeno hori, eta Warburg efektua esaten zaio metabolismoan egiten duten aldaketa horri, ikertzaile haren omenez", azaldu du Carracedok.

Haigis doktorearen taldeak zelulen metabolismoa erregulatzen duten proteina batzuetan, Sirtuina deritzenetan, jarri du arreta, eta Warburg efektua abiarazten dutela ikusi du. Hain zuzen, ikusi dute zeluletan Sirtuina familiako SIRT 3 proteina desagertzen bada, zelulek elikatzeko eta elikagaiak prozesatzeko modua aldatzen dutela, eta minbizi-zelulen antzeko portaera hartzen dutela.

"Zelulen 'zaindaria' da SIRT 3 proteina, eta prozesu metabolikoak behar bezala dabiltzala bermatzen du. Bada, SIRT 3 proteina galtzean, zelulentzat oso garrantzitsua den beste proteina batek (HIF1 α ), zorrotz kontrolatuta egon behar duenak, kontrola galdu eta metabolismoa eraldatzen du", azaldu du Carracedok.

Minbizi-mota askotan, eta, bereziki, bularreko minbizian, SIRT 3 proteina maila txikian ageri dela eta metabolismoa asaldatua dagoela adierazten duten beste adierazle batzuk ere badaudela ikusi du ikertzaile-taldeak. Hala, ondorioztatu dute interesgarria izan litekeela proteina aktibatzeko botikak garatzea minbizia tratatzeko.

1
275
2011
5
001
Biokimika; Osasuna; Medikuntza
Albisteak
6

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia