Brasilen pestiziden erabilera handitzearekin batera haurren leuzemia kasuek gora egin dutela erakutsi du ikerketa batek. Ikerketak ez du lotura kausalik aztertu, baina ikusi dute populazioa pestiziden eraginpean dagoela ur-horniduraren bidez. PNAS aldizkarian argitaratu dute lana.
Azken hamarkadetan, Brasil munduko soja-ekoizle nagusia bihurtu da, eta, horrekin batera, baita pestizida arriskutsu gehien erabiltzen duena ere. Cerrado eskualdean soja-ekoizpena hirukoiztu egin da azken bi hamarkadatan, eta Amazoniako eskualdean, berriz, hogei aldiz handitu da. Pestiziden erabilera hiru eta hamar aldiz artean handitu da aldi horretan.
Ikerketa honetan 15 urtetako datuak aztertu dituzte: osasun-datuak, lurzoruaren erabilerarenak, azaleko uren egoerarena, eta datu demografikoak. Ikusi dute haurretan leuzemia-kasuak nabarmen handitu direla. Eta kalkulatu dute 2008 eta 2019 artean leuzemiaz hil ziren 10 urtetik beherako haurren %50 inguru pestiziden eraginarekin lotuta egon litezkeela.
Ikertzaileek azpimarratu dute nekazaritza intentsiboaren bultzada ekonomikoaren eta osasun publikoaren arteko oreka aurkitzea garrantzitsua dela; eta ezinbestekoa dela, beste herrialde batzuetan bezala, plagizidak zorrotzago arautzea, nekazaritza-praktika seguruak eta jasangarriak bermatzeko.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.