}

Botilako ura ala iturrikoa?

2001/06/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ura, botilako ura, geroz eta gehiago kontsumitzen da eta oraingo honetan ez da hanburgesekin batera Estatu Batuetatik etorritako moda txar bat. Alderantziz, botilako ura hartzeko ohitura Europatik mundu osora zabaldu da. Edateko ura lortzeko iturria irekitzea aski izan arren, jende askok nahiago du botilako ur minerala. WWF (Naturarentzako Mundu Fondoa) erakunde ekologistak gaia aztertu eta ondorio interesgarriak plazaratu ditu berriki argitaratutako txosten batean.
Garai batean beirazkoak izaten baziren ere, gaur egun ur-botilen % 70 plastikozkoak dira.

'Botilako ura: fenomeno sozial bat ulertzen' txostenaren arabera, botilako ura ez da iturrikoa baino osasuntsuagoa edo seguruagoa eta, aldiz, 1.000 bider garestiagoa da. Ez osasunari ezta ingurugiroari ere ez dio mesede nabarmenik egiten eta poltsikoan, berriz, zulo handia egiten du. Zergatik, orduan, maite dugu hainbeste botilako ura?

Txostenaren arabera, botilako ura hartzea bizimodu zehatz baten isla da. Kasu askotan, botilako ura iturrikoaren ordez hartzen da, zapore hobea duelako edo seguruagotzat eta kalitate hobeko edaritzat hartzen delako. Izan are, elikagaien industria gaur bai eta bihar ere bai asaldatzen duten eskandaluek eta urak transmititutako gaixotasunek eragin handia dute kontsumitzaileen jokamoldeetan. Adibidez, behi eroak direla-eta behi-haragiaren salerosketak ikaragarri egin du behera, eta kostatuko da berriz ere kontsumitzaileen konfiantza berreskuratzea.

Botilako ura purua eta segurua dela zabaltzeaz ongi asko arduratu dira sektoreko konpainiak, eta gizarteak bereganatu egin du mezu hori. Baina dagoen ur puru bakarra ur distilatua da eta edateko ez da batere gomendagarria.

Ur minerala eta osasuna

Dagoeneko erromatarren garaian, bainuetxeek eta ur mineralak arrakasta handia zuten, osasunarentzako onuragarriak zirela esaten baitzen. XIX. mendean ere moda-modan egon ziren aberatsen artean, eta bainuetxeen jabeek berehala ikusi zuten mozkin handiagoak ateratzeko aukera non zegoen. Bainuetxeetako ura botiletan saltzen hasi ziren eta 1950eko hamarkada bitarte osasuna zaintzeko eta hobetzeko produktu gisa saldu zen. Gaur egun, ur minerala produktu arrunta da eta osasunarekin baino ongizatearekin lotzen da. Orain, ur minerala ongi sentitzeko edaten da, energia ematen duelako edo argal eta sasoi betean mantentzen laguntzen duelako. Gero eta gehiago saltzen da gasdun eta alkoholdun edarien ordezko gisa eta haiek betetzen duten funtzio sozial bera betetzeko gai da. Beste edozeren gainetik, botilako ura marketingaren emaitza arrakastatsua dela azpimarratzen da txostenean.

Kontsumitzaile askok botilako ura ur-jauzi garbi-garbietatik datorrela uste du.

Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako erakundeak (FAO), ordea, argi utzi nahi izan du botilako urak ez duela inondik inora iturriko urak baino nutrizio-balio handiagorik. Kontsumitzaile askok uste du botilako ura ur-jauzi, aintzira, ibai eta putzu garbi-garbietatik datorrela eta, horregatik bakarrik, iturrikoak baino nutrizio-balio handiagoa duela, baina uste hori faltsua da. Botilako urak iturrikoak bezainbeste (edo bezain gutxi) kaltzio, magnesio eta fluor dauka eta abantaila bakarra du: ura kutsatuta dagoen lekuetan segurtasuna eskaintzen duela. Baina, bestela, ura egostea edo iragaztea gomendatzen du FAOk, fidagarria eta askoz merkeagoa delako.


Ingurugiroaren gaineko eragina

Beste edozein jarduera industrialek bezala, botilako uraren industriak ere eragina du ingurugiroan. Alde batetik, iturrikoak bezalaxe botilako urak ere kalitate baldintza zorrotzak bete behar dituenez, konpainiek zaindu egiten dituzte iturburuak. Baina horrek ez du esan nahi botilako urari esker uraren kalitatea globalki hobetuko denik, ustiatuak diren iturburuak soilik babesten direlako eta babesa gune zehatz batzuetara mugatzen delako. Gainera, botilako ur guztiak ez dira jatorrian garbiak, asko tratatu egiten dira botilan sartu aurretik.

Dena dela, ingurugiro-inpaktu handiena botilek sortzen dute. Garai batean beirazkoak izaten baziren ere, gaur egun botilen % 70 plastikozkoak dira. Urtero 1,5 milioi tona plastiko erabiltzen da urarentzako botilak egiteko eta parte bat baino ez da berrerabiltzen. Zorionez, PET materiala lekua hartzen ari zaio PVCari eta horrekin ingurugiroa gutxiago kaltetzea lortuko da. PET plastikoa arina, gardena eta manipulatzen erraza da eta PVCa baino errazago birziklatzeaz gain, horrek baino aplikazio gehiago izan ditzake. PET duen botila bat poliesterrezko alfonbra, arropa egiteko ehuna eta zuntza, arrautza-ontzi edo beste botila bat bilaka daiteke. PVCak, aldiz, erretzen denean kloroa isurtzen du atmosferara eta zaila da birziklatzen. Dendetan koloreagatik bereiz daitezke bi motatako botilak. PVC dutenak urdinxkak eta gogorrak izaten dira eta PET dutenak, berriz, gardenak eta bigunagoak. Dena dela, ingurugiroari begira, iturriko urak poluitzen du gutxien.

Etorkizun handiko merkatua

Botilako urarena elikagaien industriaren alorrean gorantz gehien egiten ari den sektorea da eta oso merkatu lehiakorra da. Urtero % 7 handitzen da. Guztira botilaratutako 89.000 milioi litro ur kontsumitzen dira munduan urteko. Europarrak daude buruan, bakoitzak 85 litro botilako ur kontsumitzen baititu batez beste. Hala ere, Asia eta Ozeano Barea dira etorkizun handien duten merkatuak. Garapen-bidean dauden herrialdeetan ere, turistentzako edari soilik izatetik eguneroko edari izatera pasa da botilako ura. Adibidez, Indian 100 konpainiatik gora daude eta merkatua urtero % 50 handitzen da.

Merkatuaren parte handi bat Danone eta Nestlé multinazionalen esku dago. Nestlék merkatuaren % 15,3 kontrolatzen du eta Danonek, berriz, % 9.Hala ere, merkatuaren % 75 enpresa lokalen esku dago oraindik ere. Nestlé eta Danonek ur minerala saldu dute orain arte, baina araztutako uraren merkatuan sartzeko asmo garbia azaldu dute. Coca-Cola eta Pepsi konpainiak ere botilako uraren merkatu errentagarrian sartu dira. Freskagarriekin egiten duten bezala, mineral-kontzentratuak saltzen dizkiete konpainia lokalei, gero araztutako (ikus laukia) ur gisan saltzeko. Adibidez, 1995. urtean Pepsik Aquafina botilako ura merkaturatu zuen Estatu Batuetan, eta urtebetean bere salmentak % 126 igo ziren. Botilako ura saltzen dutenen sailkapenean 10. kokatu zen urtebetean. Baina botilak mendi zoragarriz apaindu arren, Aquafina ura iturriko uretik abiatuta prestatzen dute. 11 hirietako iturrietatik hartutako ura da, zertxobait tratatuta eta nahasita.

Hori ikusita, iturriko ura prestatze duten konpainiak ere hasi dira euren ura botilatan saltzen, botilan datorrena iturritik datorrena baino hobea eta seguruagoa delako irudipena aprobetxatu nahian. Iturria ireki, botila bete, itxi eta 1.000 bider garestiago saldu. Edukiari baino bilgarria begiratzen baitiogu.

Botilako ura, denak ez dira berdinak

Marka askotako botilako ura dagoela ohartzeko supermerkatura osteratxo bat egin besterik ez dago. Dozena bat marka aurkituko dituzu gutxienez apaletan. Baina markaz gain, ur-mota ere aldatu egin daiteke batetik bestera. Hiru ur-klase bereizten dira: ur minerala, iturburuko ura eta araztutako ura.

Ur mineralak mineral-kantitate jakin bat eduki behar du kategoria horretan sartzeko eta iturburutik botilarako bidean ezin du konposizioa aldatzeko tratamendurik jaso. Europako Batasuneko araudia oso zorrotza da horretan. Iturburuko urak, aldiz, ez du mineral kantitate jakin bat eduki behar, baina hori ere ezin da tratatu. Horiek iturriko uren kalitate-baldintza berak bete behar dituzte.

Bai ur minerala baita iturburukoa ere lurpeko urak izaten dira. Araztutako ura, berriz, ibaikoa, aintzirakoa edo lurpekoa izan daiteke, baina kasu guztietan tratatu egiten da. Kimikoki trata daitezke osagai batzuk kentzeko edo beste batzuk gehitzeko, azken produktua lortzearren ezaugarri desberdinetako bi ur nahas daitezke...

Prestatzeko moduari begiratuta, iturriko ura eta araztutako uraren artean dagoen alde bakarra bigarrena botiletan saltzea da. Hala ere, munduan hartzen den botilako uraren % 59 araztutako ura da.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia