Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte xehetasunak, zero eta 90 urte bitarteko 3.800 pertsona baino gehiagoren neuronen arteko konexioak aztertuta, erresonantzia magnetikoen bidez. Horrela ondorioztatu dute garunaren garapena ez dela lineala, baizik eta aldaketa erabakigarriak gertatzen direla 9, 32, 66 eta 83 urteen inguruan, neurona-sareen antolaketan. Aldaketa horietan gertatzen diren gorabeherek aldea ekar dezakete normaltasunaren eta gaixotasunaren artean.
Bizitzaren lehen aroan, 9 urte bitartean, neuronak ugaritzen dira, baita haien arteko konexioak ere. Konexio aktiboenak sendotu egiten dira, eta, 9 urte inguruan, pubertaroarekin bat, aldaketa nabarmenak gertatzen dira gaitasun kognitiboan, portaeran, eta garapen emozionalean.
«ikusi dute aldaketa erabakigarriak gertatzen direla neurona-sareen antolaketan, 9, 32, 66 eta 83 urteen inguruan»
Bigarren aroa 32 urtera arte luzatzen da. Tarte horretan guztian, konexioak berrantolatu egiten dira, fintzen joaten dira, eta gero eta eraginkorragoak dira. Hala, errendimendu kognitiboa gorenera iristen da. Halaber, nabaria da faktore kultural, historiko eta sozialen eragina.
Hurrengo aroa 32 urte ingurutik 66 urtera doa. Arorik luzeena da, eta neurona-sarearen egonkortasuna da haren ezaugarri nagusia. Aldi berean, gaitasun kognitiboak eta izera ere egonkor mantentzen dira.
66 urterekin, berriz, aldaketa handia gertatzen da. Hortik aurrera, konexioak ahultzen hasten dira, eta narriadura kognitiboa azal daiteke, baita zahartze goiztiarra ere.
83 urtera arte irauten du aro horrek, eta 83 urtetik aurrera, azken aroa hasten da. Horretan, garuneko eremuek arazoak dituzte elkarren artean komunikatzeko.
Hala ere, ikertzaileek onartu dute datu gutxi dituztela azken aroari buruz. Horrez gain, argi utzi dute aroen arteko bereizketa ez dela zorrotza, eta, batez ere, konexioen aldaketak aztertu dituztela, eta ez aro bakoitzean nola aldatzen diren gaitasunak, hala nola ikasketa, memoria, irtenbideak topatzeko abilezia…
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia







